Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eguberriak ospatzeko argiz jantziko da Mutriku.

Eguberriak ospatzeko argiz jantziko da Mutriku.

2017/12/05

Mutrikuko Udala eta Bertan Merkataritza Elkartearen artean herriko hirigune historikoa argiztatuko dute 2017ko eguberriei begira

Aurten Gabonetako argien piztuera Abenduaren 7an izango da. Ostegun honetan, herriko argiak pizten direnean, eguberrietako argiz jantzita azalduko da Mutriku.  

Badira urte batzuk Mutrikuko Udala eta Bertan Merkataritza Elkartea elkarlanean ari direla herriko merkataritzari bultzada emateko eta azken urteetan, eguberritako argiteria hobetzeko  ere  lan egin da. 

Abenduaren 7an,  BERTANetik azken urteetan ostalaritzari bultzada emateko antolatzen den IV. Pintxo Pote Mundiala izango da eta egun aproposa dela iruditu zaigu, argiz beterik  Eguberriei hasiera emateko. 

BERTAN eta Udalaren arteko elkarlana

Urte guztian zehar hainbat ekimen eramaten dira aurrera Udala eta Bertan merkataritza elkartearen artean.  Eguberritako argiei dagokienean, batez ere hirigune historikoa argiztatuko da. Argiak alokatu egingo dira eta BERTAN-ek kaleetako argiak finantzatuko ditu (Erdiko Kale, Atxitxin Aldapa eta Barrenkale) eta Udalak, gainontzekoak. Horretarako Udala eta merkataritza elkartearen arteko koordinaketa lana egin da, jartzeko argiak adosteko garaian.    

Argi berriak

Aurten gainera, hainbat berrikuntza izango da eguberrietako argiterian, batez ere, ingurumenari loturiko ikuspegi batek bultzatuta . 

Jarriko diren argi guztiak LED argiak izango dira, kontsumo arduratsu bat egiteko nahiarekin. Bestalde, deigarria izango da  urtero jarri ohi den zuhaitzaren aldaketa.  Aurten benetako zuhaitza moztu  beharrean,  6mko zuhaitz artifiziala jartzea erabaki da, mikrobonbilekin apaindua, txurruka plaza argituaz.  

Udaletxeko  eta Zabieleko fatxadak kaskada itsurako argiez apainduko dira eta beheko plaza Zorionak jartzen duen arkuaz atonduko da.  Horrez gain, errotondan ere kontutan izan da, koloretako kono eta  autoei ongi-etorria emango dien bi oreinekin apainduko delarik. 

Kulturaz bustiriko eguberriak

Udaletik nabarmendu nahi da, kulturaz blai datorrela abendua. Asteburu honetan hasi den XIII. Abendurock-ekin aste-bukaera guztietan musikari loturiko ekimenen bat izango da herrian. Abenduak 16an Santo Tomas ospatuko da. Abenduak 17an, Antzerkiaz Blai-eko azken 

 

emanaldiez gozatzeko aukera izango dugu eta zuzenean eguberriei lotuta, abenduak 24ean Olentzeroren etorrera izango dugu urtero bezala eta urtarrilak 5ean Mutrikuko Errege Kabalgata bikaina. 

Herrian erosteko deia

Gabonetako erosketak egiteko garaia iritsi denez, herriko kale printzipalak argiz jantzita herrian eta herritarren artean eguberri  giroa sustatzearekin herriko establezimenduetan erosteko gonbidapena luzatu nahi dute bai Udalak eta bai merkatariek ere. Bertan erosteak herriari ekartzen dizkion onurak azpimarratu nahi dira, Mutriku herri bizia izatea nahi delako eta herrian kalitatezko eta gertuko merkataritza dugulako. 

Kontsumitzaileak saritu

BERTAN Mutrikuko Merkataritza Elkartetik, herrian kontsumitzen dutenak ere saritu nahi dituzte. Hau dela eta, eguberriei begira egingo duten promozio kanpainarekin batera, Gabonetako zozketa ere martxan jarriko dute. Aurtengoan 500€ bi bale irabazteko aukera izango dute BERTANeko kide diren establezimenduetan kontsumitzen dutenek.

 
Eguberriak ospatzeko argiz jantziko da Mutriku.

Eliza eguberri argiekin 2015