Hemen zaude: Hasiera Mutriku Pertsonaiak

Pertsonaia ezagunak

ANTONIO GAZTAÑETA E ITURRIBALZAGA (Mutriku, 1656-1728)Antonio de Gaztañeta

Almirantea eta itsasuntzi arkitektua. Oso gazte hasi zen itsasketan, eta bere aitarekin hasi zen untziak gidatzen. Atlantiar Ozeano guztian makina bat bidaia egin ondoren, Ozeanoko Itsas armadan sartu zen pilotu nagusi bezala. Bere postu horretatik, 1701. urte bitarteko itsas armadore guztien itsasbideak gidatu zituen, eta bere abilidadearekin, untzitalde bat baino gehiago atera zuen estualdi larrietatik. Epe horretan errege untziko itsas eta lehorreko kapitain mailara igo zen. Mediterraneoan barrena ibili zen eta almirante gradua lortu zuen. 1702. urtean Kantauriko untzitegietako arduradun nagusi izendatu zuten, eta berak pertsonalki zuzendu zuen itsasuntzi ugariren eraikuntza, baita horretarako arauak eman ere. 1718an Espainiako untzidiaren agintea bere gain hartu zuen Siziliarako espedizioan, baina untzitalde ingelesak ustekabean eraso egin eta garaitua izan zen Perasson. 1727.urtean bere arrakastarik sonatuena lortu zuen Penintsulara Indietako altxorra zekarren untzitaldearekin iritsi zenean, ingelesen hesia gainditu ondoren. Itsasketa eta untzigintzari buruzko zenbait lan utzi zituen idatzita. Itsasuntzien arkitekturan honek utzitako arrastoa XVIII. mendearen barrena luzatu zen, eta ingelesek eta holandarrek kopiatu egin zituzten bere egiturazko zenbait elementu.

 

COSME DAMIAN CHURRUCA Y ELORZA (Mutriku, 1761-1805)Txurruka

Itsas armadako zientzilari eta brigadierra. 1776. urtean itsas armadan sartu zen. Gibraltarreko setiaketan parte hartu zuen (1781-1782). Matematika, mekanika eta astronomia irakatsi zuen Ferroleko itsas zainen konpainian. Antonio de Cordoba Magallanes itsasartera espedizioari batu zitzaion. Itzulitakoan, San Fernando Behatokira joan zen. Beranduago, Iparrameriketako itsas atlasa berritzeko antolatutako espedizioa gidatu zuen (1792-1795), Antillak eta Haizebeko irletako itsas mapak eginez. Mazarredoren untzidian ere ibili zen. 1802. urtean Mutrikura itzuli zen, eta denboraldi batez alkate izan zen bertan. Bere ikerkuntzei buruzko zenbait lan argitaratu zituen. 1805. urtean Ingalaterraren aurkako gerra hasi zenean, San Juan Nepomuceno izeneko untzia gidatzen zuen, zeina Espainiako eta Frantziako itsas armadari elkartu baitzitzaion. Trafalgarreko gudan izan zen, bertan kanoi bala batek jota hil zelarik (1805-X-21).