Hemen zaude: Hasiera Turismoa Kultura eta Ondarea Monumentu Multzoa

Monumentu Multzoa

Mutrikuko Alde Zahar Historikoan galtzea bere historiaren zati handi bat ezagutzea da. XIII. mende hasieran fundatutako herria da Mutriku eta oraindik ere kaleen zatikatze gotikoa gordetzen du. Kaleen trazatua leku aldapatsuetako erdi aroko herrietan ohizkoa da.

1484 eta 1553 urteetan suteek herria kiskali bazuten ere, harriztatutako kale estu eta aldapatsuetan barneratzen bagara, XV, XVI, XVII eta XVIII mendeetako hainbat etxe eta jauregi ikusiko dugu, interes handikoak guztiak eta gehienak monumentu historiko-artistiko izendatuak.

Herria inguratzen zuen harresi zaharraren zati txiki bat baino ez da geratzen, portuaren gainean mailakatuta. Herria harresietatik kanpo zabaltzen zihoan heinean desagertu zen harresia, XVIII. mendeko pentsakera ilustratuan oinarrituriko kontzeptu urbanistiko berriak zirela medio. Horren adibide ezin hobea da Txurruka plaza, bertan, parrokia eta udaletxea aurkitzen ditugula.

Hirigune Historikoaren Mapa deskargatu

Hirigune Historikoaren Mapa deskargatu (Fraçais / English) 

ANDRE MARIAREN ZERURATZEAREN ELIZA

Parrokia


Gipuzkoako arkitektura neoklasikoaren eredurik hoberenetarikoa dugu. Silvestre Pérez arkitektuak proiektatua, 1803 urtean hasi zen eraikitzen tenplu klasiko baten itxura duen eraikin hau. Barruan Francisco Zurbaranen mihise bat ikus daiteke.

 

 

GALDONA JAUREGIA

Galdona Jauregia
XVII. mendeko eraikuntza barroko ikusgarria da, burdin forjatuzko balkoiak, apaindutako egurrezko teilatu hegal eta leihoak, eta lehenengo solairuaren kantoian armarri dotorea dituena ezaugarri.

 

ARRIETAKUA JAUREGIA

Arrietakua Jauregia
Antonio de Gaztañeta Teniente Jeneralak eraikiarazi zuen, XVIII. mende hasieran. Aipagarria, Gaztañetaren itsasgizon, untzi-arkitekto eta armagizon izaerei erreferentzia egiten dien armarri erdibitua. Cosme Damián Churruca ere etxe honetan bizi izan zen.

 

ZABIEL JAUREGIA

Zabiel JauregiaGranada de Egako Dukeen maiorazkoarena izandako eraikin barrokoa dugu hau. Bigarren solairuraino doazen fatxadako zutabeek ate nagusia, erdiko balkoia eta zabieldarren armarria apaintzen dituzte.