Mutrikuko portua

 

Portu historikoa

Bizkaiarekin muga eginez, Kantauri erlaitzeko paraje eder eta ikusgarrienetako batean dago kokatuta Mutrikuko portua. Gipuzkoako portu zaharrenetakoa da eta aitzindari izan zen hargintzako moilen eraikuntzan.

Badia natural txiki batean lekutzen da, Burumendi tontorrak eta Akolea edo Talaia puntak Kantauriko ipar-mendebaldeko denboraleetatik babesten dutela, hau dela eta, antzina inguruko babes portua ere izan zelarik. Hori dela eta, Mutrikuko jarduera ekonomikoa itsasoarekin estu loturik egon da betidanik, aipamen zaharrena 1200. Urtekoa izanik, non Gaztelako Alfontso VIIIak urtero Mutrikuko arrantzaleek ematen zioten balea  San Jakueren Ordenako Zaldunei transferitu ziela adierazten den.

Ordudanik, arrantza izan da Gipuzkoako udalerri horretako ardatz ekonomikoetako bat. Gainera, ondorio biderkatzailea izan du beste ekonomia-sektore batzuetan, zehazki, ontzi-industrian eta kontserba-industrian. Azken hau gaur eguneraino iritsi den aktibitatea izanik.

XIII. mendean, portuan jarduera ekonomiko bizia egonik, bi hargintza-moila eraiki ziren, “Mutrikuko Kontxa” bezala ezagutu zirenak, hartu zuten formagatik.

1877. urtean, Evaristo Churruca ingeniariari Mutrikuko portua seguruagoa izateko proiektu bat eskatu zitzaion, eta berak eginiko proiektu honek ematen dio forma gaur egungo portuari.

Dena den, Mutrikuko Portuak barrura sartzen ziren korronteekin zuen arazoari behin betiko konponbidea Ramon Iribarren ingeniariak eman zion. Hark, 1932. urtean "olatu-segiden planoen metodo" iraultzailea garatu eta aplikatu zuen Mutrikun. Prozedura teoriko hari esker, olatuen aurrerapena eta norabidea zehaztu ahal izan zuen, sakoneren eragina, kostaldeen forma eta aurretik egindako obrak aintzat hartuta. Oraindik ere erreferentziazko lana da Iribarrenek Mutrikun egindako lana.

2001ean Portuaren Antolamendurako Plana idatzi zen. Plan horren xedea, funtsean, arrantza-kai zaharra kirol portu bilakatu, arrantza-ontzientzat dike berri bat eraiki eta ur gainean konponketetarako plataforma bat eraikitzea (aurreko bi nukleoak elkartuko zituena) zen. Plan hau ez da guztiz garatu, baina bitartean, Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearekin lankidetza-protokoloa sinatu zuen, azpiegitura berria aprobetxatzekoa, itsas olatuak baliatuz energia sortzeko planta bat txertatzeko xedez, hots, olatuen energiarako zentro bat txertatzeko xedez. Zentro hori 2011ko uztailaren 8an inauguratu zen eta 16 turbina ditu, urtean 970 MWo ekoizteko ahalmenarekin. Mundu mailan dagoen halako lehen zentroa da.

Hortaz, Mutrikuko portua aitzindari izan zen XIII. mendean, eta XXI. mendean ere aitzindari izaten jarraitzen du. Horri esker, berezko nortasun-ikurrak ditu, berritasuna eta modernotasunaren aldeko aldarria hartuta.

Mutrikuko Kirol Portua

Mutrikuko kirol-dartsena portu zaharrean kokatzen da, herri arrantzalearen erdigunean bertan. Mutrikuk arrantzale izaera gordetzen du oraindik eta 2014ean kirol portua martxan jarri zenetik, bertako pantalanetako argiek ezin ederragoa den portua argitzen dute. Mutrikuko Kirol Portuak 301 amarradura ditu, 14 m-ko gehieneko luzera eta 3 mko gehieneko zingoa duten ontzitarako eta EKPk eramaten du bertako gestioa.

 

Euskal Kirol Portuak-Mutrikuko bulegoa

Molla kalea, z/g
20830 Mutriku
Tel. 00 34 943 60 33 26
mutriku@ekp.eus
Koordenatuak: 43º 18´31 N / 2º 22´52 W

Zerbitzuak: Besteak beste, dutxak, gasolindegia, garabia, aparkalekua e.a. eskaintzen ditu Mutrikuko Kirol portuak

Informazio gehiago (bulego ordutegiak, tarifak , amarre eskariak e.a), Euskal Kirol Portuen webgunean