Nautilus Ikerketa eta Didaktika Gelaren inaugurazioa eta Mutrikuko ammonite erraldoien bildumaren jabeei omenaldia

2021/05/13
150 amonite bildu dira gela berrian eta Euskal Kostaldeko Geoparkean dago orain munduko ammonite erraldoien bildumarik handienetako bat .

Gaur, maiatzak 12, asteazkena, Nautilus Ikerketa eta Didaktika Gela berria inauguratu da Mutrikun. Bertan, Jesus Maria Narvaez bildumagileak eta haren emazte eta kolaboratzaile Esperanza Azkarragak, Mutrikuko Flysch Beltzaren labarretatik ateratako 150 ammonite erraldoien bilduma gordetzen da oso-osorik. Senar-emazteek 40 urte daramatzate fosilak biltzen eta, egindako lanari esker, orain arteko deskribatutako ammonite erraldoien bilduma handiena dugu gurean.

Mutrikuko Udalak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak omenaldia egin diete senar-emazteei urte hauetan egindako lanagatik eta bilduma Udalari uzteagatik, altxor geologiko hau Mutrikuko ondare bihurtuz. Narvaezen hitzetan: "gaur oso egun pozgarria da niretzako, izan ere, beti nahi izan dut bilduma Mutrikun eta Geoparkean geratzea. Ea etorkizunean paleontologo eta geologo gehiago dauden Euskal Herrian inauguratu dugun gelan ikusi eta landutakoak jakinmina eragin dielako ikasleei". Narvaez eta Azkarragaren lanari esker, Euskal Kostaldeko Geoparkean dago orain munduko ammonite erraldoien bildumarik handienetako bat.

Horrez gain, egindako lanaren omenezko plaka bat ere jarri da. Plaka hori, Mutrikuko hirugarren hondartzako sarbidean dago ikusgai. Joseba Palenzuela Mutrikuko alkate eta Geoparkeko presitenteak adierazi du pozik dagoela “Jesus Maria eta Esperanzari urte hauetan guztietan egindako lanagatik aintzatespen hori eskaini ahal izateagatik, eta eskerrak eman ditu biek hasieratik erakutsi duten interesagatik bilduma bakarra gure udalerrian gera dadin, jatorrizko lekutik ahalik eta hurbilen. Udalak ondare historiko hori babesteaz eta bilduma honen historia zabaltzeaz arduratuko da”.


Nautilius Ikerketa eta Didaktika Gela

Orain arte Gipuzkoako hainbat tokitan sakabanatuta zeuden ammoniteak Nautilus Ikerketa eta Didaktika Gelan bildu dira eta Mutrikuko Udalak eta Geoparkeak egokitu eta tematizatu du. Xede nagusia inguratzen gaituen ondare paleontologikoa kontserbatzea eta balioestea da.

Ikasgelak azpiegitura garrantzitsua izan nahi du Geoeskolak hezkuntza-programarako. Programa horren helburua da geoparkearen ondare naturala ezagutaraztea, bereziki, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako ikasleen artean. Horren harira, aurkezpenean, Mutrikuko Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek gelan lantzeko prestatutako unitate didaktikoko jarduerak egin dituzte: Ammoniteak, Mutrikuko fosil erraldoiak. Aurkezpenean izan dira Mutrikuko San Miguel eta Goizeko Izarra eskoletako ordezkariak.

Gainera, 2007an Nautilus Mutrikuko Interpretazio Geologiko zentroa inauguratu zenetik egiten ari den lan zientifiko eta geologikoa osatzen du gela berriak. Museo hori publikoari irekita dago eta gainera, "Nautilus, flyscharen fosilak" irteera gidatuaren barruan ezagutu daiteke.

ikerketa eta didaktika gela

Lankidetza-proiektua

Asier Hilariok, Geoparkearen koordinatzaile zientifikoak, proiektua lankidetza publiko-pribatuaren adibidetzat jo du, "Esparru zientifikoan, ondare geologikoaren kontserbazioan, jasangarritasunerako hezkuntzan eta herritar partikular baten lanaren aitortzan emaitza oso interesgarriak uztartzen baititu, bere lanarekin nazioartean deskribatutako ammonite erraldoien bilduma handienetako bat salbatzea lortu baitu". “Bilduma lagatzeari esker, gure natura ondarea gorde ahal izango dugu eta ikerketan, ingurumen-hezkuntzan eta turismo iraunkorrean lanean jarraitzeko aukera ematen digu” gehitu du Adolfo Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak.

Aurkezpenean, Geoparkea, Mutrikuko Udala, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Jesus Maria Narvaez beraren arteko lankidetza-proiektuaren emaitzak azaldu dira. Lankidetza-hitzarmenari esker, 2016an bildumaren tipologiaren eta testuinguru geologikoaren lehen azterketa egitea ahalbidetu zuen ikerketa sustatu ahal izan zen. Halaber, Mikel Lopez-Horgue EHU-UPV paleontologoak eskerrak eman dizkie Narvaez eta Azkarragari bere bilduma ikertzeko aukera emateagatik; izan ere, bildumak jaso izan ez balira, desagertu egingo lirateke itsasoaren higaduraren ondorioz.

"Ikerketari esker, ammoniteen gigantismoari buruzko lehen hipotesi bat egin ahal izan dugu. Bere tamaina handia, Bizkaiko Golkoa irekitzean itsas hondoa elikatzen zuten mineralez kargatutako tximiniekin eta isurketa hidrotermalekin lotuta egon daiteke ", azaldu du Lopez-Horguek gelara hurbildu garenean. Bilduma gela batean bateratzeak etorkizuneko ikerketa-proiektuak sustatzeko balioko du.

bertaratutakoen argazkia

PRENTSAURREKOA


Aurkezpenean parte hartu dute:


1. Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatea eta Geoparkeako presidentea
2. Jesus Maria Narvaez eta Esperanza Azkarraga, bildumagileren jabeak
3. Adolfo Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendaria
4. Asier Hilario. Geoparkeko koordinatzaile zientifikoa
5. Luis Miguel Agirrezabalaga, EHUko ikertzailea
6. Mikel Lopez-Horgue. EHUko paleontologoa

Argazkian:
1. Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatea eta Geoparkeko presidentea
2. Jesús María Narváez y Esperanza Azkarraga, bildumagileak
3. Adolfo Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendaria
4. Asier Hilario, Geoparkeko koordinatzaile zientifikoa
5. Mikel Lopez-Horgue, EHUko paleontologoa
6. Luis Miguel Agirrezabalaga, EHUko ikertzailea
7. Mutrikuko San Miguel eta Goizeko Izarra ikastetxeko Zuzendaritza Kontseiluetako kideak.
8. Leire Barriuso, Geoparkeko gerentea
9. Marta Amonarriz, Mutrikuko Turismo Bulegoko Turismo teknikaria
10. Gilen Garcia, Debako alkatea
11. Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea
12. Aitor Itza, Mutrikuko Garapen eta Kirol zinegotzia