Ongizateko bigarren teknikari bat dauka Udalak

2012/09/24
Eusko Jaurlaritzatik lortutako diru laguntza bati esker datozen lau hilabeetan Estitxu Ruiz mutrikuarra Ongizate Sailean ariko da; udal ordezkariak kontratazio epea luzatu ahal izateko lanean ari dira.

Udalak Ongizate Saila indartu nahi izan du, eta horretarako bigarren teknikari bat kontratatu du. Estitxu Ruiz mutrikuarra ari da aipatutako postua betetzen, eta bertan egongo da abendua bitartean. "Ongizate Saila herritarrekin, bereziki behar gehien duten herritarrekin, zuzenean ari den saila da, eta gure lehentasunen artean dago zerbitzu hori ahalik eta eraginkorrena izatea; bizi dugun garaian, are gehiago", azpimarratu Ongizate Saileko zinegotzi Arrate Urangak.

Kontratazioa egitea ahalbideratu duena, Udalak Eusko Jaurlaritzatik lortu duen diru laguntza izan da. Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik 5.500 euro eskuratu dituzte. "Diru horri eta udalak zerbitzu horren beharreztasunari erantzunez egindako esfortzuari esker, jada, bigarren teknikaria lanean dago". Udal ordezkariak egindako kontratazioa luzatzea lortu nahi dute orain, eta jakinarazi dutenez, hori lortzeko lanean ari dira.

HAUTAKETA

Bigarren teknikaria aukeratzeko orduan, Udalak hainbat gauza hartu ditu kontuan, baina langilearen lan esperientziak pisu nabarmena izan du. Gizarte Laguntzaileen Elkargoaren laguntzarekin egin dute hautaketa.

Udalak ezarritako irizpideak ondokoak izan dira: gizarte lanetan diplomatua izatea; gizarte.net aplikazioa erabiltzen jakitea; esperientzia edukitzea, bereziki, bazterkerian eta adin txikikoen arloan eta aurrez lan horietan aritua izana. Gainera, herritarra izatea meritutzat hartua izan zen.

Ezaugarri horiek betetzen zituzten pertsonen zerrenda eskuratu zion Gizarte Laguntzaileen Elkargoak Udalari, eta hortik Estitxu Ruiz izan zen aukeratua. Ruizek, besteak beste, hamar urtez egin du lan Zumaiako Ongizate Sailean.