Natura

Mutrikuko natura itsasoa eta mendiak osatutako gune eder eta erakargarriez osatuta dago.

Gune hauek bere balio Geologiko eta naturalistikoak bereizten ditu, hala nola, Flysch beltza kostaldea eta Karst-ak osatutako gunean barrualdean.

Flysch

Gipuzkoako mendebaldeko kostaldeko itsaslabar ikusgarriek altxor berezi bat gordetze dute: historia geologikoaren milioika urte, ondoz ondoko harkaitz-geruzatan idatzita. Itsasoaren eragin etengabearen ondorioz, harkaitz-geruza horiek agerian geratu dira, eta formazio berezi horri flysch esaten zaio.

Mutrikuko Flysch Beltza bezala ezagutzen direnak, orain dela 110 milioi urte baino gehiagoko itsaslabarrak dira. Harkaitz guzti hauen tartean, mundu mailako garrantzia duen amonite fosil bilduma jaso da, amonite fosil erraldoiak gainera. Fosil hauen tamaina, kalitatea eta dibertsitateak, zona hau erreferentzia bilakatu dute Euskadiko paleontologiarentzat.

Fosil bilduma Nautilus, Mutrikuko Ikasgune Geologikoan ikus daiteke eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen bidez, inguru hauetan geologian garrantzia duten puntu garrantzitsuenetakoak ezagutzeko aukera izango dugu, bisita gidatuen bidez. www.geoparkea.com

Karst

Mutrikuko natur guneetan garrantzitsuenak bere interes naturala kontutan hartuta Arnoko mendigunea eta Olatzeko bailara dira, naiz beste paraje eder asko izan, hala nola, Astigarribiako bailara, Laranga auzoa edo Galdonamendi ingurua. Hitz hauen ondoren, bi gune hauei buruzko informazioa aurkituko duzue.

Arnoko mendikatea:

Arno arrezifean jatorri duen kareharrizko mendikatea da. Arnoren paisaiak duen balioak eta kalitateak Europako Batasunaren Natura 2000 zerrendan egotera eraman dute, eta 2013az geroztik Kontserbazio Bereziko Eremua (KBG/ ZEC) izendatua dago.

Arnoko paisaian kantauriar artadi (Quercus Ilex) mardula egiten da deigarriena, Arno kolore berde ilun bereizgarriz janzten duena eta berau dugu Iberiar penintsulako iparraldeko artadi nagusienetako bat. Arnoko mendikateak Astigarribia eta Olatz auzoak banatzen ditu.

Olatz bailara

Xarma berezia duen bailara da Olatz. Arnoren magalean dagoena eta 2 kilometro inguruko luzera duena. Kostatik oso gertu egon arren, baserriko kulturan oso sustraituta dago, abeltzaintzari lotua, mendian eta zelaietan zezenak hazten dituzten ganadutegi batzuk ere bertan daudela. Inguru hauetan Ondarroako eta Markinako bide zaharren sekretuak gorde dira, muga izatearen berezitasunak markatuak beti.

Geologiari dagokionean, Euskal Kostaldeko Geoparkeko barnealdeko gune nabarmenetakoa da Olatzeko poljea. Bailarako urak ez dira itsasora zuzenean isurtze, eta kondairek diotenez bertako urak sorginek zaintzen dituzten leizeetan ezkutatzen dira. Leize horietako bat Kobalde da, San Isidro baselizaren atzealdean kokatua. Bertan barneratzen den errekastoak Arnoko mendikatea zeharkatzen du eta Astigarribia auzoaren parean sartzen da Deba ibaian. Urek egiten duten bide horri esker inguruan hainbat kobazulo daude.

Bailara hau ongi ezagutu nahi duenak, 6,5 kilometroko Geo-Ibilbidea jarraitu dezake. Ibilbidean zehar, bertako geologia bereizitasunak interpretatzen dira panel ezberdinen bidez, baina baita hainbat elementu etnografiko ere: leizeak, karobiak, estelak, mitologia multzoak….

Donejakue bideko erreferentzia gunea ere bada, markinara bitarteko bidean atseden gune ederra izanik, eta ezin da Olatzeko bailara atzean utzi, bertako Goienetxe baserrian egiten duten gazta bikaina dastatu gabe.

Olatzeko bailaran bisita gidatuak ere egin daitezke: www.geoparkea.com