Pertsonaia historikoak

Mutrikuko pertsonaia historiko esanguratsuenen biografia.

Cosme Damian Churruca:

Itsas armadako zientzialari eta brigadierra izan zen Cosme Damián Churruca. Mutrikun jaio zen, Arrietakua Jauregian 1761. urtean. Hezkuntza ona jaso zuen txikitatik eta irakasle zein gurasoek eliz bidea ekiteko esan arren, itsas armadan sartzea erabaki zuen oso gaztetatik. Gibraltarreko setiatzean parte hartu zuen (1781-1782). Matematika, mekanika eta astronomia irakatsi zuen Ferroleko itsas zainen konpainian. 1785ean, Antonio de Cordobak gidatutako Magallanes itsasartera egindako espedizioari batu zitzaion, Cabo de Hornos-eko itsasbidearen balizko ordezkoa izan zitekeen aztertzeko. Bertan eginiko neurketak eta batez ere idatzitako egunerokoak Churrucaren lan ona erakutsi zuen .

Itzulitakoan, Cadizeko San Fernando Behatokira joan zen. Beranduago, Antiletako itsas atlasa berritzeko antolatutako espedizioa gidatu zuen (1792-1795). Ezegonkortasun politiko handia zuen gune estrategiko honek garai haietan eta hala ere, Antilletako uharteen itsas mapak era bikainean egitea lortu zuen. Lan honek, publikatu ostean, Europa mailako miresmena sortu zuen.

Mazarredoren ontzidian ere ibili zen. 1802. urtean Mutrikura itzuli zen bere bidaietatik eratorritako gaixotasunak sendatzera, eta denboraldi batez alkate izan zen bertan. Bere ikerkuntzei buruzko zenbait lan argitaratu zituen.

1805. urtean Ingalaterraren aurkako gerra hasi zenean, San Juan Nepomuceno izeneko ontzia gidatzen zuen, zeina Espainiako eta Frantziako itsas armadari elkartu baitzitzaion Trafalgarreko gudan parte hartzeko (1805-X-21).. Bertan kanoi bala batek jota hil zen, ez aurrez gogor borrokatu gabe. Izan ere, guda honetan Cosme Damián Churrucak izandako jarrerak, heroi moduan irudikaturik ekarri du gure garaietaraino.

Antonio de Gaztañeta:

Antonio de Gaztañeta 1656an jaio zen Mutrikun eta bere garaiko itsasontzi arkitektoa izatera iritsiko zen. Gaztañetaren familiakoak nabigatzaile bikainak izan ziren eta oso gazte hasi zen itsasoan, Indiatarako bidaiak egiten, bere aitaren gidaritzapean. 16 urterekin, aita Vercruz-en hil ondoren, berak ekarri zuen itsasontzia Pasaiaraino.

Atlantiar Ozeano guztian makina bat bidaia egin ondoren, Ozeanoko Itsas armadan sartu zen pilotu nagusi bezala. Bere postu horretatik, bitarteko itsas armadore guztien itsasbideak gidatu zituen, eta bere abilidadearekin, ontzitalde bat baino gehiago atera zuen estualdi larrietatik. Geroago errege ontziko itsas eta lehorreko kapitain mailara igo zen. Mediterraneoan barrena ibili zen eta almirante gradua lortu zuen.

1702. urtean Kantauriko untzitegietako arduradun nagusi izendatu zuten, Mutrikun urte batzuk bizitzeko aukera eman zion postua izanik, eta berak pertsonalki zuzendu zuen itsasontzi ugariren eraikuntza, baita horretarako arauak eman eta idatzi ere.

1718an Espainiako ontzidiaren agintea bere gain hartu zuen Siziliarako espedizioan, baina ontzitalde ingelesak ustekabean eraso egin eta garaitua izan zen Perasson.

1727.urtean bere arrakastarik sonatuena lortu zuen Penintsulara Indietako altxorra zekarren ontzi-taldearekin iritsi zenean, ingelesen hesia gainditu ondoren.

Itsasketa eta untzigintzari buruzko zenbait lan utzi zituen idatzita, hala nola, “Norte de la Navegación hallado por el Cuadrante de Reducción” eta “Cuadrantes Geométrico Universal para la Conversión estérica a lo Plano, aplicado al arte de navegar” nabigaziori lotuak eta “Proporciones de las medidas esenciales para la fábrica de navíos y fragatas“ ontzi-eraikuntzari lotua.

Itsasontzien arkitekturan Gaztañetan utzitako arrastoa XVIII. mendearen barrena luzatu zen, Europako beste zenbait herrialdeetako ontzi-eraikuntzan ere influentzia izan zuelarik, adibidez, ingelesek eta holandarrek eginiko barkuetan.

Evaristo Churruca:

Evaristo de Churruca, Nafarroako Izu herrian jaio arren, oso txiki zela etorri zen Mutrikura. Ingeniari ospetsua izan zen, batez ere Bilboko kanpoko-portuaren eta errekaren hobekuntza lanak egin zituelako. Hala ere, bere lana Europa eta Hego-Amerikan ere egin zuen, infraestruktura handien arduradun izan zelarik.

Mutrikuko portuaren handitzea ere berak diseinatu zuen XIX. mendean eta Bere lan andanaren eskertze bezala, Alfonso XIII erregeak “Mutrikuko Konde” titulua eman zion 1908a.

Juan de Landa:

Juan de landa 30 eta 60 hamarkada bitartean oso aktore ezaguna izan zen. Juan Crisóstomo Pisón Pagoaga y Landa zen jatorrizko izena eta Mutrikun jaio zen 1894an. Gazte zela bidaiatzea tokatu zitzaion familiarekin eta horrek eragina izango du bere geroko karreran.

Hasera baten operako tenore bidea hartu zuen arren, (hainbat kontzertu eman zituelarik Europan zehar), New York-era iritsi zenean bere abeslari karrerak ez zuen aurrera egin eta Hollywood-eko estudioetara bideratu zen arrakasta bila. Bere lehen pausuak Buster Keaton-en ondoan eman zituen, eta hortik aurrera hainbat pelikula egin zituen Ameriketako gaztelania hiztunei zuzenduak.

Arrakasta lorturik, Espainiako eta Italiako filmetan ere paper bikainak egin zituen. Bere lana kritikak goraipatua izan zen, naiz eta askotan, bere ezaugarri fisikoak zirela eta bigarren mailako paperetara mugatu behar zuen.

Mutrikun hil zen 1968an.