Marmitako lehiaketan izena emateko epea zabalik

2012/08/27
Kalbaixo Txiki Eguneko lehiaketa klasikoa antolatu dute aurten ere Txoko Eder Elkartekoek; marmitako onenak 250 euro irabaziko ditu, baina sei lehenak jasoko dute saria.

Gehienez 16 taldek parte hartu ahal izango dute irailaren 15ean, Beheko plazan egiten den lehiaketan. Hori dela eta, izena lehenbailehen ematea gomendatzen dute antolatzaileek. Horretarako, Alvaronera edota Sabinanera jo beharko dute herritarrek. Irailaren 8 da izena emateko azken eguna.

Lehiaketaren oinarriak jarraituz, talde bakoitzean bi lagun bakarrik egongo dira, eta parte hartzaileek 15 lagunentzako marmitakoa prestatu beharko dute. Horretarako, antolatzaileek bikote bakoitzari hiru kilo hegaluze, lau kilo eta erdi patata, olioa, gatza eta sua emango dizkiote. Gainontzekoak, hau da, lapikoa eta tresnak, piper berdeak edo gorriak, txorizo-piperra, kipula, ogia, pipermina eta tomatea parte hartzaileek eraman beharko dituzte. Esandakoez gain, ezingo da barazkiak besterik erabili.

Lehiaketa Kalbaixo Txiki egunean 10:00etan hasiko da, eta 13:00etan amaitu. 14:00ak aldera, urtero ohi den bezala, marmitakoak enkantera aterako dituzte, nahi duenak, diru- eskaintzak eginda, marmitakoa etxera eramaten saiatzeko. "Marmitakoak ez dira egiten dituenarenak. Parte hartzaileak sari baten truke aritzen dira. Sukaldatutakoa Txoko Eder Elkartearena da, eta enkantean banatzea da egin ohi duguna, nahi duenari 15 lagunentzako marmitakoa eskuratzeko aukera emanez".

 

SARIAK

1. Txapelak eta 250 euro

2. Kopa eta 175 euro

3. Kopa eta 100 euro

4. Kopa eta bi ardo botila

5. kopa eta bi ardo botila

6. Kopa eta bi ardo botila