Mutrikuko herria

Mutriku herria Gipuzkoa mendebaldeko itsasertzean kokatzen da, Euskal Autonomi Erkidegoan. Mendebaldera Berriatua eta Ondarroarekin egiten du muga, hego-ekialdera Markinarekin, ekialdera Debarekin eta hegoaldera Mendarorekin. 2010az geroztik, Mutriku, Deba eta Zumaia herriek osatzen duten lurraldea Euskal Kostaldeko Geoparkea da, eta 2015az geroztik, Unesco-ren Munduko Geoparkea.

Iparraldera kantauri itsasoak bustitzen du Saturrarango eta Mutrikuko hondartzek osatzen duten itsasbazterra. Orografia oso malkartsua du, Arno menditik (608 metro) itsasertzera erliebe handiarekin jaisten da. Landaretza hein handi batean intsignis pinuak eta beste konifera batzuek osatzen dute (1127 hektarea) eta herriaren %64 atlantiar landaretzak betetzen du (artea, pagoa, haritza...). Inguruko paisaiaren edertasuna eskualdeko garapen turistikorako erakargarri garrantzitsua da. Adibide bezala Arnoko artadia daukagu, zeina Europar Batasunak babes toki izendatu duen (Natura 2000).

Mutrikura egun pasa datorren edonorentzat ezinbestekoa da alde zaharra bisitatzea, Monumentu Multzo izendatua,  bertako kale estu eta aldapatsuak zeharkatuz hainbat jauregi eta dorretxe aurki baititzakegu, zein baino zein politagoa.  Hala ere, herri honen sekretu guztiak jakin nahi dituenak hirigune guztia gida baten laguntzarekin ikusteko aukera eskura du, bertako turismo bulegoarekin kontaktuan jarrita.

Mutrikuk herri-gunetik kanpo hainbat auzo ditu,  Laranga eta Galdonamendi auzoetan mendi eta itsas bista ederrez goza daitezke, bertatik Gipuzkoako itsasertz zati handi bat ikus baitaiteke. Olatz-eko bailara, kondaira ugari gordetzen dituen auzoa da eta bertako zelai eta basoetan murgilduz hainbat haitzulo eta karobi ikus daitezke. Ezin da Olatz atzean utzi bertako gazta ederra dastatu gabe. Astigarribia auzoan, berriz, Astigarribiako Monumentu Multzoa topatuko dugu. Bertako altxorra San Andres eliza dugu, XI. mendeaz geroztik agirietan jasoa eta aurre- erromaniko garaiko leiho ikusgarri bat duena. Hemen ere egin daiteke bisita gidatu bat turismo bulegoarekin kontaktuan jarrita .  Horrez gain, ibiri auzoan hainbat baserri kokatzen dira eta baita Olabarrietan ere. Azken honetan, txakolin ekoizle  bat ere badagoelarik.

Kirolak gustuko dituenak hainbat aukera izango ditu Mutrikun: Urpekaritza irteerak, zaldi irteerak,  mendi ibilaldiak,  eta, uda sasoian, piragua eta padle surf   egiteko aukera ere bai. Surf-ean esperientzia dutenak berriz, Alkoleako gunean dute leku bikaina eta Debako Santiago hondartzan (Mutrikutik 5km-tara) hasiberri direnek.