Europako Geoparkeen Astea 2016

2016/05/19
Europako Geoparkeen Astea ospatuko da Mutrikun, Deban eta Zumaian Maiatzaren 20tik 29ra.

 

‘Geoparkeko baleazaleak’ omenduko ditu Europako Geoparkeen Astearen seigarren edizioak.

 

Hamaika ekintza antolatu dira hiru herrietan: argazki-erakusketa, doako bisita gidatuak, “Euskal baleazaleen triskantza” dokumentalaren proiekzioak, Mendatako talaiara ibilaldi gidatua, Lasturko interpretazio gunearen inaugurazioa, Kepa Junkera & Sorginak taldearen emanaldia…. 

 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak parte hartzeko gonbitea luzatu die Mutriku, Deba eta Zumaiako zein inguruetako herritarrei.

 

“Geoparkeko baleazalea” goiburupean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak aurten ere Europako Geoparkeen Astea ospatuko du. Ekimen hau Europan egun dauden 69 geoparkeetan burutuko da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin. Gurean seigarren edizioa izango du Geoparkeen Asteak.

 

Ostiralean hasi eta maiatzaren 29ra bitartean, ekimen ugari izango dira Mutrikun, Deban eta Zumaian, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan. Hitzaldiak, doako bisita gidatuak, argazki-erakusketa, haurrentzako tailerra, Lasturko interpretazio gunearen inaugurazioa, “Euskal baleazaleen triskantza” dokumentalaren proiekzioak eta solasaldiak, Mendatako talaiara ibilaldi gidatua eta Kepa Junkera & Sorginak taldearen emanaldia, besteak beste.

 

Aurtengo egitaraua aurkezteko ekitaldia Mutrikun egin da gaur goizean eta bertan izan dira hiru alkateak, Jose Angel Lizardi, Mutrikuko alkatea, Pedro Bengoetxea, Debako alkatea, eta Oier Korta, Zumaiako alkatea. Haiekin batera izan da Geoparkeko arduraduna, Leire Barriuso. “Herritarrak egin nahi ditugu Geoparkeen Astearen protagonista, hori dela eta, Geoparkeko biztanleei eta inguruetako herritarrei, haur, gazte zein helduei, parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu” azaldu dute. Leire Barriusok, bestalde, eskertu egin die “hiru Udalei zein elkarte eta erakunde ezberdinei Geoparkearen Astearen egitaraua osatzeko eskainitako laguntzagatik”.

 

Ostiraletik aurrera, egitarau zabala

Geoparkearen Asteak aurtengoan baleazaleak izango ditu ardatz. Geoparkeko hiru herrietan baleazaleen aztarna gehienak aspaldi desagertu baziren ere, Mendatan (Itziar, Deba) talaia baten arrastoak aurki ditzakegu. Geoparkeak sustatuta, indusketa lanak egin dira bertan Suhar Arkeologiaren eskutik eta bertan grabatu dira Euskal Baleazaleen Triskantza dokumentalerako zenbait irudi. Hain zuzen ere, Geoparkearen Astearen baitan, dokumental hau ikusteko aukera izango da hiru herrietan: Deban, maiatzaren 23an, Agirre Jauregian; Mutrikun, maiatzaren 24an, Zabiel Kultur Etxean; eta Zumaian, maiatzaren 26an, Aita Mari aretoan. 19:00etan izango dira emanaldi guztiak eta proiekzioaren ostean solasaldia egingo da Suhar Arkeologia taldeko kideekin. Euskaraz izango dira hiru ekitaldiak.

 

Dokumentalarekin eta Mendatako talaiarekin lotuta, maiatzaren 28an, larunbatez, ibilaldi gidatua egingo da Mendatako talaiaren indusketara. Hitzordua Itziarko Itxaspe kanpinean izango da, goizeko 10:00etan. Talaiara iristean Suhar Arkeologiako kideek indusketari buruzko azalpenak emango dituzte. Ondoren, hamaiketakoa eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei. Familia osoari zuzendutako ekimena izango da.

 

Egun berean, 19:00etatik aurrera, musika izango da protagonista. Kepa Junkerak eta Sorginak taldeko kideek emanaldia eskainiko dute Zumaian, Alondegia Kultur Etxean. Hain zuzen ere, “Marea Zumaian” abesti berria eta berriki flyschean grabatutako bideoklipa aurkeztuko dute.

 

Geoparkeen Asteak iraungo duen bederatzi egunetan argazki-erakusketa egongo da ikusgai Mutrikuko Zabiel Jauregian, “Itsas hondoen bizilagunak” izenburupean. Euskal kostaldean ateratako argazkiez osatutako erakusketa da eta bertako itsas hondoen garrantziaz eta babesteko beharraren inguruan Geoparkeko biztanleak sentsibilizatzea du helburu. Erakusketa Zumaiako “Olarru-Sub” elkartearen eta Elgoibarko “Ur bizi” taldearen laguntzarekin antolatu da.

 

Itsas tradizioari lotuta, hitzaldia egingo da Mutrikun hilaren 24an, asteartean. Albaola Itsas Kultur Faktoriako kide Mikel Leozek “Euskal ontzigintza eta ontziolak” hitzaldia eskainiko du Zabiel Kultur Etxean, 19:00etan. Euskaraz izango da.

 

Haurrek maiatzaren 27an Deban izango dute hitzordua. Agirre Jauregian, 17:30ean, zetazeoei buruzko tailerra egingo da Donostiako Aquariumaren eskutik. Ondoren, “Balearen bila” marrazki lehiaketako sari banaketa egingo da. Geoparkeak antolatuta, lehiaketa Zumaia, Deba eta Mutrikuko lehen hezkuntzako ikasleei zuzendu zaie balearen eta, oro har, beste espezie bizidunen ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzeko asmoz.

 

Irteera gidatuak ere eskainiko dira dohainik Geoparkearen Astearen baitan, Geoparkeko herritarrei zuzenduta. Batetik, datorren larunbatean, maiatzak 21, “Nautilus, flyscheko fosilak” irteera gidatua egingo da Mutrikun, 16:00etan. Bestetik, hurrengo egunean, igandean, maiatzak 22, “Flyscheko olagarroa” izeneko esperientzia egingo da Zumaian, goizeko 11:00etatik aurrera.

 

Egitarauari amaiera emateko, maiatzaren 29an, igandez, Geoparkeko interpretazio gune berriaren inaugurazioa egingo da Lasturren, bertako aterpetxean. Goizeko 10:30ean hasiko da ekitaldia eta, jarraian, Hector Fano geologoak bisita geo-kulturala eskainiko du Lasturko harriaren inguruan. 

 

Egitaraua jaitsi