Ez-ohiko etxebizitza hutsek %75eko errekargua izango dute aurrerantzean

2013/03/19
Ondasun Higiezinen gaineko zerga arautzen duen 4/2012 Foru Arauaren aplikazioaren ondorioa da errekargua.

Ez-ohiko etxebizitza hutsek %75eko errekargua izango dute Ondasun Higiezinen gaineko zergan. 4/2012 Foru Araua aplikatzearen ondorio da Udalak hartutako erabakia.

Neurri hau ez-ohiko etxebizitza hutsei bakarrik aplikatuko zaie. Etxebizitza hutsa definitzeko, errolda izan da adierazle nagusia: zergaren sortzapen egunean, 2013ko urtarrilaren 1ean, etxebizitza horretan erroldatuta inor ez egotea da kontuan hartu dena. Horren arabera, 531 herritar izan dira neurri horren aplikazioaren berri jaso dutenak

Udalak hartutako erabakiak zenbait salbuespen jasotzen ditu. “Salbuespen egoera horietako baten dauden etxebizitzek errekarguaren jakinarazpena jaso badute, 15 eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko”, azaldu dute udal teknikariek.

Honako hauek dira salbuetsita gelditzen direnak:

-    Etxebizitza errentan emateko erakunde publiko baten esku lagatzea (Bizigune programa). Kasu honetan daudenek zesio edo emate kontratua aurkeztu beharko dute alegazioa aurkezterakoan.
-    Etxebizitzako titularra zahar etxean egotea.
-    Etxebizitzan jarduera ekonomikoren bat burutzea; esaterako, estetika zentroa.
-    Promotore edo sustatzaileek saltzeko dituzte etxebizitzak.
-    Herentziaz jasotzen diren etxebizitzak bi urtez salbuetsita egongo dira.
-    Erregistroan errezibo berari lotuta dauden etxebizitzak (jabetza bertikala).

Gai honen inguruko informazio gehiago nahi duten herritarrek udaletxeko kontuhartzailetza bulegora jo dezakete.