Mutrikun erosi eta On Egin! kanpainaren ZENBAKI SARITUAK

2020/01/11
Zabiel Kultur Etxeko hitzaldi aretoan, bertaratu diren herritarren aurrean burutu da bi bizikleta elektrikoen zozketa.

Mutrikuko Udaleko garapen sailaren lan ildoen barruan, herriko merkataritza txikia sustatu eta bultzatzeko beharrak urtetik urtera indarra hartzen du. Horregatik, Udalak txikizko merkataritza bultzatzeko “Mutrikun Erosi eta On Egin!” ekimena antolatu du.
Ekimen honen bidez, Mutrikuko biztanleek herrian dagoen merkataritza-eskaintza erabiltzearen garrantzia azpimarratu nahi izan da, tokiko ekonomia bultzatu eta mugikortasun iraunkorreko ereduak bistan jarrita.
Ekimenak bi hilabete iraun du, azaroaren 9tik urtarrilaren 6ra arte. Epe horren barruan, kanpainara atxikitako saltokietan gutxienez 10 euroko erosketa egitean, merkatariek boleto batzuk banatu dituzte bizikleta elektrikoen zozketan parte hartzeko.


KANPAINAREN BALORAZIOA


Oraindik goiz da balorazio sakon bat egiteko, izan ere, Mutrikuko Udalak parte hartu duten establezimenduekin bildu nahi du, euren iritzi eta ekarpenak jaso ahal izateko. Hala ere, lehen datuak eskuetan izanik, baikor ikusten dugu aurtengo kanpainak izan duen ibilbidea.
Ondorengoak azpimarratu beharko genituzke: 52 establezimenduk parte hartu dute, inprimatu ziren boletoen ia %80a banatu da, kanpainak herritarrengan izandako oihartzuna handia izan da eta antolaketarako Udala eta establezimenduen arteko elkarlana eta koordinaketa ona izan da.
2018an egin zen kanpainaren bidez, 6.000€ko balioa zuten 100€ eta 50€ko erosketa bale txikiak banatu ziren herriko dendetan “urratu eta irabazi” moduko boleto batzuen bidez. Oraingoan berriz, 4.700€ko balioa duten bizikletak zozketatu dira. Aurtengoan sarien balioa txikiagoa izan arren, sari handietan joan denez, jendearentzako erakargarriagoa izan delakoan gaude. Aurtengo sariak, Orbea markako bi bizikleta elektriko izan dira, Bosch markako motor elektrikoarekin: “Orbea Keram” eta “Orbea Katu” bizikletak.


ZOZKETAREN PROZEDURA


Zozketa jendaurrean egin da, Zabiel Kultur Etxeko hitzaldi aretoan.
Zozketaren aurkezpen lanak Arantza Ugarte herritarrak egin ditu, beti bezala, bikain gainera. Horrez gain, Aitor Itza Garapen Saileko zinegotziak kanpainaren eta ekimenaren inguruko balorazioa egin du eta Joseba Palenzuela, Mutrikuko Alkateak Udalak alor ezberdinetan indarrak non jarri nahi diren adierazi du batez ere gazteei zuzenduaz bere hizketaldia. Ondoren zozketari hasera eman zaio.
Zenbakiak ateratzeko prozedura eskukoa izan da eta horretarako herriko kirol elkarte ezberdinei eskatu zaie laguntza. Danok Bat pelota elkartearen izenean Eneritz Lizardik atera ditu zenbakiak, Mutrikuko Futbol taldearen eskutik Andrea Barrientos eta Haizea Osa izan dira esku zintzo lanetan, Naroa Zubiaurre Mutrikuko Arraun Taldearen ordezkari gisara eta azkenik, Mutrikuko Rugbi taldearen izenean Alluitz Basurko eta Unai Fernandez gazteek atera dituzte zenbakiak.
Guztira lau zenbaki atera behar ziren: Ateratako lehen zenbakia: “Keram” izeneko bizikletaren zenbaki irabazlearena izan da; bigarren zenbakia: “Katu” izeneko bizikletaren zenbaki irabazlea da. Hirugarren zenbakia: “Keram” izeneko bizikletaren ordezko zenbakia izango da eta azkenik, laugarren zenbakia “Katu” izeneko bizikletaren ordezko zenbakia izango da. Ateratako zenbakietatik bat eman ez diren boletoetako bat zela konprobatu ondoren, bostgarren zenbakia atera behar izan da.
Atera bezain pronto, zenbakiak hitzaldi aretoan bertan erakutsi dira pantailan. Saritutako zenbakiak www.mutriku.eus web gunean egongo dira ikusgai, eta baita Mutrikuko Turismo Bulegoan ere.
Zozketa nola egin den ikusi nahi duenak, Mutriku Turismoa facebook orriaren bidez eman den zuzenekoa ikus dezake.

 


ZENBAKI SARITUAK


Saritutako zenbakiak ondorengoak izan dira:
- Orbea Keram:
o Zenbaki sariduna: 42.063
o Ordezko zenbakia: 66.197
- Orbea Katu:
o Zenbaki sariduna: 21.205
o Ordezko zenbakia: 52.576


SARIAK JASOTZEKO


Saritutako txartelak Mutrikuko Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira eta aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, gaurtik hasita. Epe hori igarota zenbaki saritua agertu ez bada, ordezko zenbakia izango da zozketaren irabazlea izatera pasatuko dena eta beste 15 egun naturaleko epea izango du saritutako txartela aurkezteko.
Pertsona berbera ezin izango da bi sarien onuradun izan. Kasu hori gertatuz gero, pertsona hori balio ekonomiko handieneko bizikletarekin sarituko dute (orbea Keram), eta bigarren saria bigarren bizikletaren ordezko zenbakiari emango zaio.


UDALAREN ESKERTZA


Mutrikuko Udalak bereziki eskertu nahi du urte guztian zehar BERTAN merkatari elkarteak herriko merkataritza eta ekonomia suspertzeko egiten duen lana.
Horrez gain, kanpainan parte hartu duten establezimendu guztiei beraien inplikazioa eskertu nahi die. Baita Inhar Mutiozabal argazkilariari antolaketan eskainitako laguntzagatik ere.
Horrez gain, Arantza Ugarte eta herriko Danok Bat pelota elkartea, Mutrikuko Futbol taldea, Jauja Eskubaloi taldea, Mutrikuko Arraun Taldea eta Mutrikuko Rugbi taldeari eta euren izenean etorri diren ordezkari guztiei ere zozketa egunerako emandako laguntza eskertu nahi die.
Bizikletak erosi eta aukeratzeko garaian, Debako Ciclos Turbina eta Orbea etxearen laguntza aipatu nahi dira.
Hala ere, Udalaren eskertzarik handiena, herrian erosi duten Mutrikuar guztientzako da. Euren erosketekin herria bultzatzen dutelako eta gogoratu nahi diegu guztiei, kanpaina amaitu arren, herrian erosten jarraitzean denok irabazten dugula eta Mutrikuri eta gu guztioi on egiten diogula.