Berdel eguna

Mutrikun ospatzen den jai handia da Berdel Eguna. 2024an apirilak 6a larunbatean ospatuko da.

Berdel egunaren ibilbidea luzea da; garai batean berdela asko arrantzatzen zen, baina jendeak ez zuen arrain hau ezagutzen eta oso prezio baxuan saltzen zen. Gure kostaldeko arrantzaleen onurarako kanpaina ederra izan zitekeela pentsaturik, 1993an egin zen  hausnarketa prozesu baten ondoren berdelaren kontsumoa potentziatu behar zela erabaki zen eta testuinguru honen barruan sortu zen Berdel Eguna.

Ordutik hona, urtero  ospatu da jai hau eta dagoeneko, Mutriku herriaren izenari lotzen da arrain gozo hau.  Berdel Egunean, herriko eta inguruko sukaldariek prestatutako errezeta ezberdinekin  sukaldatzen da berdela, eta egun horretan Mutrikuko Portura hurbiltzen den jendeari dastatzera ematen zaizkio pintxo moduan.  Urtero 25000 razio serbitzen dira, tartean pintxoak, berdel marmitakoa edo berdel errea izanik.

Jai hau herriko jendearen parte hartzeari esker egin daiteke eta urtero urtero, herriko emakume eta gizonek  jai honen antolaketan doan egiten dute lan, elkarlanean Berdel Eguna aurrera aterata.

Euren esfortzuaren ondorioz, Berdelari egin zaion promozio kanpainarekin batera, gaur egun arrain hau askoz ere gehiago apreziatzen da eta salmentan prezio hobea egiten du, dagoeneko baxurako arrantzaldirik garrantzitsuenetarikoa suposatzen duelarik.