Elurraren aurkako baliabideak prest ditu Udalak

2013/02/25
Errepideak garbitzeko prestatutako ibilgailua martxan dago; herritarren artean banatzeko bi tona gatz erosi dituzte.

Elurrak herrian sor ditzakeen eragozpenei aurre egiteko baliabideak prest ditu Udalak. Errepideak elurrez garbitzeko egokitutako ibilgailua martxan ari da, eta elurra bidean ez pilatzeko bi tona gatz erosi dituzte.

Errepideak garbitzen arituko den ibilgailuaren herritar baten ardurapean egongo da, eta Udalarekin harreman zuzena mantenduko du. Horretaz gain, Udalak gatza banatuko du eskaera egiten dutenen artean. "Bi tona ekarri ditugu. Behar duenak udaletxera etorri eta eskatu besterik ez du egin behar", azaldu du Gobernazio buru Joxean Agirregomezkortak.

Udal brigadak eta udaltzainak ere elurrak sortutako eragozpenak ekiditeko lanean aritu dira. Gaur goizean bertan ibilgailuek zein oinezkoek izan dituzten trabak kentzen aritu dira.