Mutrikuko jaiak eta kirol ekitaldiak

Berdel eguna eta Malen jaixak dira kanpotarrentzat Mutrikuko egun ezagunenak. Urtean zehar beste hainbat ekitaldi ospatzen da Mutrikun.

Berdel Eguna:

Apirilaren lehen asteburuan ospatzen da Berdel Eguna Mutrikun (aste Santuarekin tokatzen bada, martxoko azken asteburura pasa ohi da).

Oso ezaguna den iniziatiba honen oinarrian, berdelaren promozioa aurkitzen dugu; urte luzeetan, kopuru handietan arrantzatu zitekeen arrain hau ez zen baloratua eta horrek konpetitibitate falta bat suposatu zuen arrantza sektorearentzako eta Mutriku arrantzale herria izanik, urteetan pairatu izan zuen gabezia hau.

1993an, hausnarketa baten ondoren, berdelaren kontsumoa potentziatu behar zela pentsatu zen eta lehenengo aldiz Berdel Eguna ospatu zen. Ordutik hona, urtero ospatu da jai hau eta dagoeneko, Mutriku herriaren izenari lotzen da arrain gozo hau.

Herriko eta inguruetako sukaldariek prestatutako hainbat pintxo ematen dira dastatzera Mutrikuko portuan jartzen den karpa handi batean. Horrez gain, herriko elkarte ezberdinek berdel marmitakoa egiten duten eta herriko arrantzaleek egunean bertan berdel freskoa parrilan erretzen dute jendeari dastatzera emateko.

San Pedroren omenezko ospakizuna:

San Pedro egunetik gertuen geratzen den larunbatean ospatzen da Mutrikuko portuan. Herri giroan arrantzale izandakoek maite dute gehien egun hau.

Malen Jaixak

Uztailak 21etik 25era ospatzen dira Mutrikuko jai nagusiak. Sokamuturra, tanborrada, erraldoiak eta buruhandiak beste hainbat kultur ekintzekin nahasten dira.

2019ko PROGRAMA HEMEN.

Kalbaixo jaixak

Mutrikuko kalbaixoak jairik herrikoienak dira. Irailak 14tik 16ra ospatzen dira eta baserri mundua eta itsas mundua elkartzen ditu.

14a, Kalbaixo eguna, Kalbaixoko ermita inguruan ospatzen da, trikitixa, bertsolari eta bestelako euskal probekin. 15a hirigune historikoan ospatzen da ekintza ezberdinekin eta jaiak amaitzeko, 16an Piñastei eguna portuan ospatzen da, marinel eguna izanik (kukaña, pattak, sokamuturra eta beste hainbat ekintza egon ohi dira)

Gaba beltza

Urriak 31an izaten da, Santu Guztien egunaren bezperan. Talaixako mamua ateratzen da kalera eta Axuri Beltza dantzatzen da.

Errege Kabalgata

Mutrikuko herriak errege kabalgata izugarria antolatzen du. Herritar askoren laguntza eta parte hartzearekin, hiru erregeak norabide ezberdinetatik etortzen dira, Baltasar San Nikolas aldetik, Gaspar portutik eta Meltxor San Migel ingurutik.

Beheko plazan elkartu eta Herodes-en historia antzeztu ondoren, Txurruka plazara joaten dira, bertan, dauden Maria eta Jesus haurtxoa adoratzera eta ondoren eskutitzak jasotzera.

Kirol ekitaldiak:

Urtean zehar hainbat kirol ekitaldi garrantzitsu antolatzen dira Mutrikun, hala nola, Arnoko mendi lasterketa ekainaren lehen asteburuan, Mutrikuko Sprint Triatloia, Waterpolo txapelketa (Udan ospatzen da mutrikuko igerileku naturalean), Flisch beltzeko igeriketa proba, estropadak…