Merkatu Txikia eta "Azokatik Mahaira" sukaldaritza tailerra

  • Noiz 2025/06/14 10:00 - 14:00"
  • Non Beheko Plaza
Ekainak 14ko Merkatu txikia, Beheko Plazan ospatuko da eta sukaldaritza tailerra hartuko du.

Mutrikuko Beheko Plaza herriko ekoizle eta artisauen erakusleiho bihurtuko da zapatuan. Bertaratzen direnek, 10:00etan hasi eta 14:00ak bitartean denetariko produktuak erosteko aukera edukiko dute, Merkatu Txikian.

Merkatu txikiko parte hartzaileak:

  • Amaia Aberasturi
  • Anabel Muñoz
  • Egiña
  • Ekoalboraz
  • Eskune
  • Goienetxe
  • Ibiri
  • K.Amets
  • Lamiuma
  • Mikkota Art
  • Mutrikuko Institutua
  • Zuluk

Azokak, gainera, Gipuzkoako Azoken Sarea lantaldeak Mutrikuko Udalarekin elkarlanean martxan jarritako ekimena hartu du: Azokatik Mahaiara sukaldaritza tailerrak. Ekimena Gizpukoako azoketara kontsumitzaile berriak erakarri asmoz sortu zuten, eta zapatukoa hirugarren jardunaldia izango da.

Anna Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatutako tailerrek bertako eta sasoiko produktuak ezagutzera eman eta horiek balioan jartzeko balioko dutela azaldu dute antolatzaileek. Hala, saiora bertaratu gura dutenek azokara gerturatzearekin eta bertako aulkietan eseritzearekin nahikoa izango dela nabrmendu dute. Esan dute, gainera, tailerra 11:30ean hasiko dela, eta ordu eta erdiko iraupena izango duela.

Tailerrak hiru helbururi erantzun nahi diela gaineratu dute: “Zoketara kontsumitzaile berriak erakartzea, bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratzea eta xahuketa ekiditea dira helburuak”. Bide batez, osasuntsu jateak duen garrantzia azpimarratu dute: “Elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak jakiteaz haratago, osasuntsu nola elikatu ikasteko aukera ere egongo da”.

“Tailerrean zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten, ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen”, esan dute.

“Herriko nekazal azoka indarberritzea ezinbestekoa da”, argitu dute antolatzaileek, eta ekimenarekin horretan eragitea lortu nahi dute, besteak beste. Jakinarazi dutenez, halaber, tailerrean sukaldatutako platera zuzenean dastatzeko aukera egongo da saioaren amaieran. Horrez gain, Azokatik Mahaira egitasmoaren barruan antolatu diten “sukaldaritza tailerretan egingo diren errezetak eta nutrizio aholkuak” ere banatuko dituzte.