1.350 BONU-SORTA JARRIKO DIRA SALGAI “XII. LORATU MUTRIKU” KANPAINAREN BAITAN
Mutriku, 2026ko urriaren 30a
Mutrikuko Udalak “XII. Loratu Mutriku” Bono kanpaina aurkeztu du gaur.
Mutrikuko herritarrek berriro ere “Loratu Mutriku” erosketa-bonuen kanpainarekin bat egiteko aukera izango dute. Mutrikuko Udalak XII. edizioa jarriko du martxan gaurtik aurrera, eta bonuak azaroaren 14ra arte erabili ahal izango dira.
Ekimenaren helburua da herrian kontsumoa sustatzea eta tokiko establezimenduei bultzada ematea, bereziki merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreei. Aldi berean, Udalak herritarren erosketa-gastuari aurre egiteko laguntza eskaini nahi du.
40.500 euroko kontsumoa sustatzea helburu
Urte hauetan izan duen harrera ona eta tokiko ekonomian sortutako eragina kontuan hartuta, Udalak 2026an ere bonu-programarekin jarraitzea erabaki du.
Aurtengo edizioan, Udalak 13.500 euroko ekarpena egingo du erosketa-bonuak herritarrei diruz laguntzeko. Horri esker, guztira 40.500 euroko jarduera ekonomikoa sortzea aurreikusten da Mutrikuko merkataritza eta ostalaritzan.
Guztira, 1.350 bonu-sorta jarriko dira herritarren eskura. Sorta bakoitzak 30 euroko balioa izango du; herritarrek 20 euro ordainduko dute bonoarengatik; gainerako 10 euroak Udalak finantzatuko ditu.
Bonu-sorta bakoitza honela osatuko da:
- 10 euroko bonu bat.
- 5 euroko lau bonu.
Nork eskuratu ahal izango ditu?
Kanpainarekin bat egin ahal izateko, Mutrikun erroldatuta egotea ezinbestekoa izango da. 6 urtetik gorako herritar bakoitzak gehienez bonu-sorta bat erosi ahal izango du.
Bonua erosteko, nortasun agiria aurkeztu beharko da. Herritarra ezin bada bertaratu, beste pertsona batek bere izenean egin ahal izango du erosketa, titularraren nortasun agiriaren kopia aurkeztuta.
Erosketa bakoitzean gehienez bi bonu-sorta eskuratu ahal izango dira, hau da, bi pertsona ezberdinen bonoak (bi NAN zenbaki ezberdini dagozkion bonoak, alegia). Ordainketa egiteko momentuan, txartel bidezko ordainketa lehenetsiko da; txartelarekin ordaintzea ezinezkoa denean soilik onartuko da eskudirua.
Bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan soilik erabili ahal izango dira. Erosi ondoren, bonuak ezingo dira itzuli eta ezingo dira dirutan trukatu.
Erabilerari dagokionez, erosketaren zenbatekoa erabilitako bonuaren edo bonu-zatiaren balioaren berdina edo handiagoa izan beharko da. Beraz, ez da itzulketarik egingo, ez eskudirutan ezta bonu txikiagoetan ere. Erosketaren zenbatekoa bonuaren balioa baino handiagoa bada, gainerako zatia dirutan ordaindu beharko da.
Bonuak batera erabili ahal izango dira edo erosketak egiteko banaka erabili.
Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira
Bonuen salmenta gaur urriaren 30ean hasiko da, Mutrikuko Turismo Bulegoan, bonoak agortu arte edo kanpainaren amaiera epea iritxi arte.
Ordutegia:
- Asteartetik ostegunera: 10:00-14:00
- Ostirala eta larunbata: 10:00-14:00 eta 16:00-18:00
- Igandea: ITXITA
- Astelehena: ITXITA
Azaroaren 14an amaituko da kanpaina
“XII. Loratu Mutriku” kanpainak urriaren 30etik azaroaren 14ra izango du indarraldia. Epe hori amaitzean, erositako bonuak ezin izango dira erabili.
Parte hartzen duten establezimenduak:
Bonuak Mutrikuko 33 establezimendu hauetan erabili ahalko dira:
Alazne Optika, Albaro denda, Aldana, Aldapan, Alday hortz Klinika, Alboka okindegi eta kafetegia, Apain Estetika Zentroa, Apartak ileapaindegia, Aparra arropa denda, Ametza Taberna, Arrizabalaga harategia, Bare Bare Taberna, Bigara fruta eta barazkiak, Dilaitz barne diseinua, Garaia, Gotzon arraindegia, Iratxe masaje zentrua, Iripe elektradenda, Islada fisioterapia, Itxasne Frutategia, Joseba Elezgarai masaje eta osteopatia, Josune Ileapaindegia, Kalbaixo Jatetxea, Lasuen Elezgarai botika, Lekube burdindegia, Lon Apraiz botika, Madariaga paperdenda, Maider Pinto estetika terapia energetikoak, Maneiro Lentzeria, Olaizola arropa denda, Sabina denda, Tximak ileapaindegia, Ziortza Ileapaindegia.
Mutrikuko Udalak bereziki azpimarratu eta eskertu nahi du herriko establezimenduek kanpaina hau gauzatzeko egiten duten ahalegina; izan ere, ez dute etekin zuzenik jasotzen. Gainera, bonuen bidezko diru kopuru osoa aurreratu behar izaten dute.
