2011-2012 IKASTURTEA DEBABE UDAL EUSKALTEGIAN

2011/09/15
DEBABE Elgoibar, Deba eta Mutrikuko Udal Euskaltegien Mankomunitateak izena emateko epea zabaldu du 2011-2012 ikasturterako.

Udal Euskaltegion aurtengo kanpainaren leloa honakoa da: “ONGI ETORRI, bienvenido, welcome, benvingut, bienvenue…”. Lelo horrekin adierazi nahi dugu ateak zabalik ditugula eta etxean bezala sentiarazi nahi ditugula euskara ikasi edo landu nahi duten guztiak, edozein dela ere euren ama-hizkuntza.  

Urtero bezala, eskolak Luardo etxean izango dira. Maila guztiak emango dira: 1, 2, 3 eta 4. Horrez gain, ikastaro bereziak ere eskainiko dira: AISA ikastaroa, etorkinentzat; merkatari eta ostalarientzako ikastaroak; gurasoentzako ikastaroak... Klaseak, berriz, goizean, arratsaldean eta gauean izango dira. Horrez gain, autoikaskuntza ere eskainiko da, BOGA programaren bidez.

Ikastaroak HABEk eta Mutrikuko Udalak diruz lagundutakoak dira, eta prezio bereziak daude langabetu, guraso, ikasle eta jubilatuentzat.

Mutrikuko euskaltegiak, ikasgelez gain, material didaktiko ugari eta liburutegia ere baditu ikasleen eskura.Gainera, eskolez aparte, euskaltegian hainbat ekintza antolatzen dira ikasleek euskara erabiltzeko: lehiaketak, kultur ekitaldiak, afariak, irteerak...

Azpimarratzekoa da, gainera, euskaltegietako azterketen bidez, 1., 2., 3. eta 4. mailako agiri ofizialak lor daitezkeela. Agiri horiek Hezkuntza, Osakidetza eta IVAPeko perfilen eta EGAren baliokideak dira.

Informazio eta matrikularako jo euskaltegira, irailaren 23a baino lehen. Ordutegia: 09:30-12:30 /15:30-19:30 (irailaren 13ra arte arratsaldez bakarrik).

Telefonoa: 943-603094.

E-posta:eusk.mutriku@udal.gipuzkoa.net.

Web-orria: www.udaleuskaltegiak.net