‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ ekimena martxan da aurrenekoz Mutrikun

2013/04/22
Topagunea, Kalaputxi argitaratzen duen Karenka elkartea eta Mutrikuko Udalaren artean antolatu dute egitasmoa; Bijinita, Sabina eta Beristain liburu dendek parte hartuko dute ekimenean.

 

Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina jarri dute martxan Topaguneak, Kalaputxi argitaratzen duen Karenka Elkarteak eta Mutrikuko Udal Euskara Zerbitzuak. Kanpaina Irakurri, gozatu eta oparitu izenpean dator, eta adin guztietako herritarrei zuzenduta dago.

Aurtengoarekin Topaguneak kanpaina antolatzen duen zazpigarren aldia izango da. “Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz”, azaldu dute Topagunetik. Hori horrela izanda, aurten Mutrikuko Udalak bat egin du egitasmoarekin.

Egitasmoa aurrera eramateko, Euskara Zerbitzua Udal liburutegiko arduradunarekin, eta herriko hiru liburu dendekin ¬ Birjinita, Beristain eta Sabina¬ elkarlanean ariko da. “Haiek izango dira proiektuaren arima”, nabarmendu du udal euskara teknikariak.

Kanpainaren izenak adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira parte hartzeko:

  • Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da; euskaraz irakurtzea. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu beharko da.

 

  • Gozatu. Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple bat bete beharko da. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari herriko hiru liburu dendetako baten erabiltzeko .

 

  • Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.


Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen erosketaren %25a ordaintzeko aukera izango dugu, %50a euskaldunon elkartearen kidea izanez gero. “Euskaltegian dabiltzan herritarrak, Irakurzale taldeko kideak eta Kalaputxikoak izango dira deskontu berezia jasoko dutenak”, aipatu du euskara teknikariak.

Aprilaren 23tik ekainaren 30era artekoa izango da Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa. “Uda aurreko hilabeteak baliatzen ditu egitasmoak liburuen irakurketarako garai egokia dela pentsatuta”.

Kanpaina ekainaren 30ean bukatu arren, erosketa-txekeak dituzten herritarrek astebete gehiago edukiko dute haiek aldatu ahal izateko.