“Garapen planaren helbururik nagusiena Mutrikun lanpostu berriak sortzea da”

2014/10/02
Marta Amonarrizek orain dela urtebete hartu zuen Mutrikun bultzatutako Garapen plana koordinatzeko ardura; “ilusio handiz” egiten dio aurre erronka berriari

Udalak 2004 urtetik Mutrikuko Turismo bulegoa dinamizatzen aritzen den Marta Amonarriz izendatu du herriko ekonomia sustatzeko abiatutako Garapen plana koordina-tzeko. Elkarrizketa honen bidez, Amonarrizek herriko etorkizunerako “oso garrantzi handia” izango duen plan horren ibilbidea, helburuak eta nondik norakoak azalduko ditu.

Noiz eta nola ikusi zuen Udalak Mutrikuko ekonomia sustatzeko herri mailako Garapen plan bat gauzatzeko beharra?

Plan hau krisiaren eraginetako bat da. Legealdi berria hasi bezain pronto Gobernu taldeak herriko ekonomiari buelta bat emateko zerbait egin beharra zegoela ikusi zuen eta horregatik 2011 urtean abiatu zen 2022ra bitartean hainbat arlo eta sektore bultzatzeko lan ildoak jaso dituen plana osatzen joateko prozesua.

Zeintzuk dira Udalak irailaren hasieran aurkeztu zuen Garapen planaren helbururik nagusienak?
Helburu nagusiena bat da: herrian lanpostu berriak sortzea. Mutrikun %10,5 inguruko langabezia tasa dugu baina herritarren errenta per cápita nahiko bajua da. Gainera, herriak 5.400 biztanle inguru ditu eta horietatik guztietatik 2.600 bat aktibo daude. Hala ere, lanean dauden herritar horietatik 900 bat bakarrik daude altan emanda Mutrikun eta kopuru horren ia erdia autonomo gisa. Hori dela eta, egoera aldatu beharra zegoela ikusi zen, beti ere, herrian negozio eta aktibitate berriak garatzen joateko.

Zer nolako pausuak eman dira Garapen plana osatu arte?
Garapen planaren lan ildoak eta helburuak finkatzeko prozesuaren bilerak 2011 urtean hasi ziren. Horretarako itsasoa, nekazaritza, formakuntza, merkataritza-ostalaritza-turismo eta industria bezalako sektoreen gaur eguneko egoerari buruz hausnartzeko mahaiak osatu ziren. Arlo ekonomiko bakoitzaren egoeraren azterketa egiteaz aparte, beste leku batzuetan ekonomia sustatzeko egiten ari diren esperientziak ezagutzeko adituak ekarri genituen herrira; horren ondoren esparru bakoitzean finkatu beharreko helburuak eta horiek lortzeko egin beharrekoa zehazteko. Horretarako Garapen plana gestionatzeko talde bat eratu zen 2013an, udaletxeko langile eta nekazaritza, itsasoa eta merkataritza-ostalaritza-turismo arloak bultzatzeko izendatutako arduradunen partaidetzarekin.

Beraz, hasiera batean arlo ekonomiko konkretu batzuen aldeko apustua egiten du Udalak...
Printzipioz, nekazaritza, itsasoa eta merkataritza, ostalaritza eta turismo arloak batzen dituen sektoreetan ipini dugu begirada, lehen bi urteetan arlo horietan eragiteko aukera gehiago ikusten genituelako. Hori bai, formakuntza eta industria bezalako arloak baztertu gabe.

Garapen plana martxan jartzeko bi tailer antolatu ditu Udalak, eskualdeko garapen agentzia den Debegesarekin elkarlanean...
Bai, baina horren aurretik bestelako ekimenak burutu ziren herrian. Alde batetik, ZuEKIN! izeneko tailerra garatu zen 2013an, negozio ideiak astin-tzen joateko. Bestetik, nekazaritza eta merkataritza-ostalaritza-turismoa sektoreak herrian nola dauden ikusteko saioak egin genituen 2014ko maiatzean. Esperientzia hori oso aberasgarria izan zen. Guztira 64 lagunek parte hartu zuten eta bertan ekin-tzaileak edo negozio-ideia duten hainbat herritar detektatu genituen.

Orduan, orain abiatuko diren tailerrak negozio-ideiaren bat dutenei zuzenduta daude?
Bai, aste honetan bertan Mutriku ekinean 24 orduko tailerra hasi da, 15 bat parte-hartzailerekin. Tailer honen helburuak sormena lantzea, ekintzaile izateak zer suposatzen duen ezagu-tzea eta bakoitzaren proiektua bideragarria den edo ez ikustea dira. Ekin-tza hau amaitzerakoan Zure proiektua abian jarri tailerra egingo da azaroan. Bertan, aurreko tailerrean landutako ideia bakoitzaren bideragarritasuna, merkatu eta marketing planak landuko dira eta horretarako ekintzaileek gestio taldeko arduradunak izango dituzte bidelagun, asesoramendu pertsonala jasotzeko.

Udalak enpresa proiektuen lehiaketa ere antolatzekotan dabil...
Bai, urte amaieran horrelako ekimen bat prestatu nahi dugu eta aurkeztuko den ideia onena sarituko dugu, proiektua martxan jarri ahal izateko.

Zer esango zenioke negozio-ideiaren bat duen herritarrari?
Bere ideia azaltzeko Turismo bulegotik pasatzeko lasai. Proiektua gara-tzen laguntzen saiatuko garela.

 

GIPUZKOATZEN

Gipuzkoako txokorik maiteena. Mutriku, orokorrean. Xarma handiko herria dela iruditu zait beti.
Paisaia bat. Zumaiako San Telmo ermitatik dauden itsasorako bistak.
Festa edo ospakizun bat. Tolosako karnabalak, dudarik gabe. Urtero joaten naiz, lehen lagunekin eta azken urteotan familiarekin.
Mendi bat. Txindoki. Amezketan jaio nintzen eta mendi horren irudia oso barneratuta daukat.
Hondartza bat. Mutrikuko Saturraranekoa. Gipuzkoako hondartzarik politenetariko bat dela uste dut.

 

ITURRIA: Noticias de Gipuzkoa