“Narvaez-Azkarraga” fosil bildumaren behin betiko dohaintza sinatu da

2026/09/09
Dohaintza honen bidez, Jesus Mari Narvaezek eta Esperanza Azkarragak 263 fosil biltzen dituen altxor geologikoa Mutrikuko herriari eman diote. 40 urte baino gehiagoko lanari esker bildutako ammonite erraldoien bilduma hau nazioarteko garrantzitsuenetako bat da.

Mutrikuko Udalak Jesus Mari Narvaezekin eta Esperanza Azkarragarekin irailaren 4an sinatu zuen "Narvaez- Azkarraga" fosil bildumaren dohaintza dokumentua.


Dohaintza honen bidez, 263 fosilek osatutako bilduma baliotsua Mutrikuko herriari ematea erabaki dute. 


Orain arte, Udalak eta bildumaren egileek lankidetza-hitzarmen bat zuten fosil bilduma erakusgarri eduki ahal izateko. Orain, urrats historiko bat eman da: Jesus Mari Narvaez eta Esperanza Azkarragak behin betiko dohaintza egitea erabaki dute gure ondare geologikoa herrian bertan bermatu eta ikerketa nahiz dibulgaziorako erabilera izateko helburuarekin.

Dohaintzaren ezaugarri nagusiak


Bi aldeek adostutako dohaintza baldintzatuak bildumaren babesa eta etorkizuna bermatu nahi du:

• Helburu kultural eta zientifikoa: Bildumaren xedea dibulgazioa, ikerketa eta erakusketa publikoa izatea adostu da, irabazi-asmoko ustiapen komertzial guztiak erabat debekatuz.


• Bildumaren batasuna: Piezak beti bateratuta egongo dira «Narvaez-Azkarraga Bilduma» izenarekin. Laster zabalduko den Talaixa Geomuseoko «Flyscheko Erraldoiak» erakusketa iraunkorrean erakutsiko dira.


• Udalaren konpromisoa: Udalak bere gain hartzen ditu, besteak beste, piezen erakusketa, kontserbazioa eta zaharberritzea.

40 urte luzez osatutako altxor zientifikoa


Narvaez-Azkarraga bilduma lau hamarkada baino gehiagoko ahalegin, pasio eta arduraren emaitza da. Urte hauetan guztietan egindako lan bikainari esker, bikoteak mundu mailako ammonite erraldoien bilduma handi eta azpimarragarrienetako bat eratzea lortu du.
Piezarik gehienak Mutrikuko kostaldean bertan aurkitutakoak dira, Flysch Beltzean —Zazpi Hondartzak edo Kardala gisa ezagutzen den gune ikusgarrian—, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen leku ederrenetakoan.


Jesus Mariren eta Esperanzaren dedikaziorik gabe, fosil berezi hauetako asko betiko desagertuko lirateke itsasoaren etengabeko higaduraren ondorioz. Haien ikuspegiari eta kontserbazio-lanari esker, zientziarentzat eta geologiarentzat balio kalkulaezina duten elementuak salbatu eta jaso ahal izan dira.

Zientziaren garapena eta hezkuntza helburu


Eskuzabaltasun ariketa eredugarri honen atzean jabeen ametsa eta nahia dago: egindako lan guztiak erabilera dibulgatiboa izatea eta gizartearen, zientziaren nahiz ezagutzara gerturatu nahi duten guztien eskura geratzea.


Gainera, ondare honek zientzia-alorrean fruitu oso garrantzitsuak eman ditu dagoeneko. Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) elkarlanean sustatutako azterketa bati esker, EHUko bi geologok, Mikel Lopez-Horgue eta Luis Miguel Agirrezabalaga, ammoniteen gigantismoari buruzko lehen hipotesia formulatzea ahalbidetu dute. Azterketa horien arabera, ale hauen tamaina handia duela milioika urte Bizkaiko Golkoa irekitzean itsas hondoa elikatzen zuten mineralez kargatutako tximiniekin eta isurketa hidrotermalekin lotuta egon daiteke.

Udalaren aitortza


Mutrikuko Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu publikoki Jesus Mari Narvaezi eta Esperanza Azkarragari erakutsitako eskuzabaltasun handiagatik. Mutrikun Narvaez-Azkarraga bildumak izan duen ibilbide honek ezin hobeto uztartzen ditu esparru zientifikoa, ondare geologikoaren kontserbazioa, jasangarritasunerako hezkuntza eta herritar partikularren lan nekaezinaren arteko koordinaketak eman ditzakeen fruituak.


Dohaintzan emandako fosilak laster ikusi ahal izango dira Talaixa Geomuseoan, herritar zein bisitari guztiek gure lurraren historia hurbiletik ezagutu eta goza dezaten.