“VII. LORATU MUTRIKU BONU KANPAINA” AURKEZTU DU MUTRIKUKO UDALAK HERRIKO AKTIBITATE KOMERTZIALA SUSPERTU ETA HERRIKO FAMILIEN EKONOMIAN LAGUNTZEKO

2024/04/17
Ostiral honetan, apirilak 19, hasiko dira bonoak saltzen Mutrikuko Turismo Bulegoan.

Ostiraletik aurrera, hau da, apirilaren 19tik aurrera, “VII. Loratu Mutriku” erosketa bonuen kanpaina jarriko da martxan Mutrikun. Mutrikuko merkataritza, ostalaritza, eta zerbitzuei lotutako aktibitate ekonomikoa indartzea eta herriko familien ekonomia laguntzea izango du helburu kanpaina honek.
Mutrikuko Udalak, 2020eko udazkenean antolatu zuen lehen bono kanpaina eta herriko hainbat sektoreen aktibitatean inpaktu baikorra izan zuen. Herritarrengan ere, oihartzun zabala izan zuen eta askok eskertu zuten ekimena aurrera eraman izana. Hori dela eta, 2021, 2022 eta 2023an ere errepikatu zen ekimena.

Aurreko urteetako kanpainek izan duten arrakasta ikusirik, 2024an ekimen hau errepikatzea erabaki da bi garai ezberdinetan banatuta: Kanpaina bat, orain, udaberrian, egingo da eta, bigarrena, udazkenean.
Udaberriko kanpaina honekin, udalak, herriko merkatari eta ostalarien artean 60.000 € mugitzea eta udalerriko familien erosteko ahalmena 18.000 eurorekin diruz laguntzea lortu nahi du.

Bono kanpainaren araudia eta ezaugarriak


Udalak, 20.000 € -rekin, 1.200 bono finantzatuko ditu. Bono sorta bakoitza 50€-koa izango da eta frakzionatuta egongo da: 10 €-ko 3 frakzio eta 5€ko 4 frakzio.


Bonoak erosi ahal izateko nahitaezkoa izango da Mutrikun erroldatuta egotea. 6 urtetik gorako herritar bakoitzak, gehienez, bono xorta bat erosi ahal izango du.


Bonoa erosterakoan, kostuaren %30a (15 €) udalak finantzatuko du eta %70a (35€) herritarrek. Bonoak kanpainara atxikitutako establezimenduetan bakarrik erabili ahal izango dira eta behin bonoak erosi ondoren, ezingo dira itzuli, ez eta dirutan trukatu ere.


Erosketa-tiketaren zenbatekoa bonuaren frakzioaren kopuru bera, edota, handiagoa izan beharko du.


Bonuak turismo bulegoan egongo dira eskuragarri apirilaren 19tik aurrera. Turismo bulegoa egunerao irekitzen da ondorengo ordutegian: Igandetik ostegunera 10:00etatik 14:00etara ; Ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00tik 18:00tara.


Erosteko nortasun agiria erakutsi beharko da, eta norbaiti bertaratzea ezinezkoa bazaio, lagun edo familiako kideren batek eros dezake bere bonoa nortasun agiriaren kopia bat erakutsita. Erosketa bakoitzean, gehienez ere 2 bonu erosi ahal izango dira batera. Bonuak ordaintzeko lehentasunezko sistema banku txartela izango da, ezinezkoa den kasuetan bakarrik onartuko da esku-dirua.


Bonu guztiak aldi berean erabili ahalko dira edo banaka. Hori bai, erosketaren balioa bonuaren berdina edo gehiago izan beharko du beti, hau da, bonuekin ordainduta ez da itzulketarik egingo esku-dirutan ezta bonu txikiagotan ere. Erosketaren balioa bonuaren kopurua baino handiagoa denean, falta dena diruz ordaindu beharko da.


Kanpainaren oinarri arautzaileak hauek dira: Bono kanpainaren oinarriak. 

 

Iraupena:


Kanpaina honek bi asteko iraupena izango du, apirilaren 19tik maiatzaren 5era. Epe horretatik aurrera, ezingo dira gastatu erositako banoak eta ezingo dira bonoak itzuli.

 

Parte hartzen duten establezimenduak:


Bonuak 37 establezimendu hauetan erabili ahalko dira. Mutrikuko Udalak nabarmendu eta eskertu nahi du, herriko establezimendu hauek egiten duten esfortzua kanpaina hau aurrera atera ahal izateko, izan ere, eurek ez dute etekin zuzenik ateratzen, baina bonotan jasotako diru kopuru guztia aurreratu egiten dute:


Alazne Optika, Albaro denda, Alboka okindegi eta kafetegia, Aldana Burdindegia, Alday Klinika, Ametza Taberna, Ansorregi Oinetakoak, Apain Estetika Zentroa, Aparra arropa denda, Apartak ileapaindegia, Arrizabalaga harategia, Bare Bare Taberna, Bigara fruta denda, Buceo Euskadi, Dilaitz barne diseinua, Dotore ileapaindegia, Ekoamalur ekodenda, Garaia arropa denda, Gotzon arrandegia, Iratxe lorak, Iratxe masajeak, Iripe etxetresnak, Islada fisioterapia, Itxasne Frutategia, Joseba Elezgarai masaje eta osteopatia, Josune Ileapaindegia, Kalbaixo Jatetxea, Lasuen Elezgarai botika, Lekube burdindegia, Lon Apraiz botika, Madariaga paperdenda, Maider Pinto estetika , Maneiro Lentzeria, Olaizola arropa denda, Potero denda, Sabina denda, Tximak ileapaindegia.