4. Balkoien eta Leihoen Edertze Lehiaketa

2022/05/27
Balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du Mutrikuko Udalak laugarren urtez

Herritar guztiek har dezakete parte lehiaketan. Horretarako, aurrez izena eman beharko da, ekainaren 3tik 12ra bitarten Turismo Bulegoan, turismo@mutriku.eus helbidera mezu bat bidaliz eta esku-orrietan dagoen QRa betez. Bestalde, ekainaren 3an, 10:00etatik 13:00etara, Txurruka plazan egingo da lore banaketa. Ekimenean parte hartzeko nahitaezkoa izango da NANa erakustea.

Mutrikuko Udalak herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko laugarren urtez antolatu duen lehiaketan parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei. Ekimena Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin antolatu du Udalak.

Lehiaketa honen helburua da, herritarren parte-hartzearen bidez, Mutrikuko ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea, eta landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzea, eta bide batez, herritarren artean, landareak zaintzeko ohitura zabaltzea.

Lehiaketa mutrikutar guztiei zabalik dago. Horretarako, aurrez izena eman beharko da, ekainaren 3tik 12ra arte, Turismo bulegoan, turismo@mutriku.eus helbidera mezu bat bidaliz eta esku orrian dagoen QRa betez.

Sariei dagokionez, herri mailako bi sari izango dira, bata 200 eurokoa eta bestea 150€koa, Bertan Elkarteko saltokietan erabiltzeko. Gainera, eskualde mailako beste sari bat emango da, 250 eurokoa, irabazleak bere herriko saltoki elkartuetan erabil dezan.

Ekimen honi buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 60 32 44 telefonora dei dezakete edo turismo@mutriku.eus helbidera idatzi. Halaber, lehiaketaren oinarriak udal webgunean eskuragarri izango dituzte: www.mutriku.eus.

Epaimahaiak ekaineko azken astean ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.

Mutrikun ez ezik, Eibar, Ermua eta Elgoibarren ere egingo da balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa.

Lehiaketaren oinarriak

Foiletoa descargatu