40. Zaharren Eguna ospatuko dute aurten mutrikuarrek

2013/08/12
Ziñua Elkarteak 70 urtetik gorako herritarrak bilduko ditu Goiko plazan eurentzako prestatutako omenaldirako.

Herriko nagusienei omen egingo diete mutrikuarrek. Ziñua Elkarteak antolatzen du Zaharren Eguna eta aurtengoarekin hala egiten duen berrogeigarren aldia izango da.

Ohi bezala, Zaharren Eguna abuztuaren 15ean ospatuko dute, eta 70 urtetik gorako herritar guztiei zuzenduta dago.
Egunari hasiera emateko meza edukiko dute 12:00etan. “Mezetara doazen heinean, 70 urtetik gorakoei krabelin gorriak jartzen dizkiegu paparrean eguneko
protagonistak zeintzuk diren begibistakoa izateko”, adierazi dute Ziñuatik. Meza ondoan, Gure Ametsa dantza taldekoek Agurra dantzatuko diete, eta jarraian
hamaiketakoa egiteko aukera edukiko dute.

Orduan izaten da egunako momentu bereziena: herriko zaharrenei omenaldia. Emakumezko zein gizonezko zaharrenei izendapen eta opari bereziak egiten zaizkie. Herriko alkate Joseba Palenzuela ere bertan izango da. Ondorengoak bertsolariek (Jon Azpillaga eta Laxaro) eta trikitilariek girotzen dituzte. “Zenbaitek egun horretan bakarrik ikusten dute elkar, eta haien aurpegietan nabaria da gustura egoten direla kontuak eguneratzen, elkarrekin berriketan... elkarren konpainian. Hori da, batez ere, egun hau, kosta ala kosta, mantentzera eramaten gaituena”, azpimarratu dute Ziñuako kideek. “Baina esan beharra dago jende askoren laguntza edukitzen dugula: besteak beste, diru-bilketa egiten dutenak, haien otarretan borondatea uzten dutenak, Iñarra, Atxega, Udala, bertsolariak, dantzariak, trikitilariak... zerrenda luzea da. Baina guztiei geure esker ona zor diegu, haiek gabe ezingo baigenuke egun eder honekin aurrera egin”.