Alkatea: "Gure lehentasuna herritarrak dira eta haientzat egiten dugu eta egingo dugu lan"

2012/10/31
EAJk zabaldutako informazio okerren aurrean, zer, nola eta zergatik egiten ari den azaldu du Udalak; herritarren beharrak asetzea eta udalaren zorra gutxitzea dira udalaren helburu nagusiak

“Gure lehentasuna herritarrak dira eta haientzat egiten dugu eta egingo dugu lan”. Horrenbestez azaldu zuen Joseba Palenzuela alkateak udalaren jardunaren oinarria zein den. Prentsaren aurrean egindako agerraldian udalaren nondik norakoei buruzko informazio zuzena eta egokia eman zuen.

Alkateak azaldu zuenez, Bildu udalaren buruan jarri zenetik bi helburu izan ditu: herritarren beharrei erantzutea eta udalaren zorra gutxitzea.
Helburu horiek lortze aldera, udalak egindako lanaren berri eman zuen. “Herritarrei galdetu diegu euren beharrak zeintzuk diren, eta horren arabera jokatu dugu”, esan zuen. Alkateak emandako datuen arabera, herri batzarretatik jasotako ia 200 eskaeretatik 125 eginda daude, eta egunerokotasunean jasotako eskaeren hiru laurdenak ere bete dituzte. “Gutxi gorabehera egunean eskaera berri bat sartzen da. Mota guztietako eskaerak daude, txikiak, ertainak eta handiak, baina mutrikuarren eguneroko bizitzan eragin zuzena duten eskaerak dira guztiak”.

Horrekin batera “ikusten ez diren lanak” ere egin izana nabarmendu zuen. “Gestio mailan lan handia egiten ari da udala, emaitza batzuk ikusten hasita gaude, eta besteak denborarekin ikusiko ditugu”. Gestio mailan egindako lanaren adibide bezala, udako denboraldian egindako gestioei esker, kanpoko enpresen zerbitzuetan eraginda, udalak 100 mila euro aurreztu izana aipatu zuen.


MAILA GUZTIETAKO MURRIZKETAK

Bildu gobernuan sartzean, udalak zuen egoera negargarritzat definitu zuen alkateak. Egoerari buelta emateko, sail denetan hainbat murrizketa egin behar izan dituztela gaineratu zuen.

Murrizketak “modu oso errealean” egin izana azpimarratu zuen alkateak. “Kendutakoak herritarren bizitzan ahalik eta eragin txikiena edukitzea lortu nahi izan dugu, herriak duen bizitza izaten jarraitzeko”. Lan horretan, udalak ez ezik, herriko talde eta elkarteek egiten duten ahalegina gogorarazi zuen alkateak. “Benetan da eskertzeko. Mutrikuk zeozer baldin badauka herri borondatea dauka”.
Murrizketen gaiaren inguruan, ordezkari politikoetan egindako murrizketak izan zen pisu gehien hartu zuen gaia. Alkateak zenbait argibide eman nahi izan zituen, “gauzak ondo ulertzeko”.

Bertan esandakoaren arabera, Bilduk alkatea eta bi zinegotzi ditu udalean lanean: alkatea lanaldi osoarekin eta zinegotzi biak lanaldi erdiarekin. “Baina bi zinegotzien dedikazioa eta inplikazioa erabatekoa da. Soldata erdiarekin lanaldi mugagabea duten bi langile ditu orain udalak”, azpimarratu nahi izan zuen.
Hiru lagun eduki arren, Bilduk 2013an 108.773,38 euro erabiliko ditu hautetsien gastuetarako. 2010ean, EAJ osorik gobernatutako azken urtean, aipatutako alderdiak 126.520,46 euro erabili zituen. “Bildurekin ia 18.000 euro gutxiago ordainduko ditu Mutrikuk ordezkari politikotan. Eta langile bat gehiago dauka”, nabarmendu zuen alkateak. “Eta aurreragoko urteei begiratuz gero, aurreztutako diru kopurua oraindik handiagoa da”.

Hori horrela izateko ondoko faktoreak aipatu zituen: alkatearen soldata urtean 20 mila eurotan jaitsi izana; alderdientzako bideratzen zen dirua gutxitu izana eta politikariei plenotara eta batzordetara joatearren ordaintzen zitzaizkien dietak kendu izana aipatu zituen. “Asistentzia dietetan, lehen, 24.000 euro inguru erabiltzen ziren. Gurekin, zero”.

Mantendu eta gehitu den gastu bakarra lokomozio gastuak izan zirela argitu zuen. “Lanagatik kobratu ez, baina galtzen irtetea ere ez dakontua. Baina badakit zinegotzi askok ez dutela egiten dituzten bidaia guztiak erreklamatzen; euren poltsikotik ordaintzen dituzte”.


EAJ-RI MEZUA
Agerraldia amaitu aurrean, alkateak emandako datuak “ez berriak, ez ezkutukoak” izatea azaleratu nahi izan zuen. “Jendaurrean, batzordetan eta zenbait bilkuratan ere hitz egin dugu horretaz guztiaz; gurea ez baita datuak ezkutatzea, alderantziz”.

Puntu horretara helduta, alkatea EAJri zuzendu zitzaion. Oposizioaren lanetako bat gobernuaren jarduna zaindu eta kritikatzea dela ulertzen zuela adierazi zuen, baina EAJ horretan besterik ez dela ari nabarmendu nahi izan zuen. “Lanerako guneak badaude, baina gune horietan ez dugu ia ekarpenik jasotzen”.

Kritikatzearekin batera, ‘eraikitzea’ ere euren lana dela gogorarazi nahi izan zion alkateak alderdi jeltzaleari. “EAJ udalbatza honen parte da, eta Bildu kritikatzea baino harantzagokoa izan beharko litzateke herritarrekiko duten erantzukizuna”.

Kritikak kiritika Bilduk markatutako bi helburuak lortzeko pausuak ematen jarraituko duela jakinarazi zuen alkateak: herritarren beharrei erantzuten eta udalaren zorra gutxitzen. “Legealdi amaieran zorra %118tik (5,6 miloi euro) %65 (3,1 miloi euro) izatea lortu nahi dugu, eta horretarako lan egingo dugu”. Helburu hori lortzeko “gerrikoa estutzen eta neurri egokiak hartzen” jarrituko dutela gaineratu zuen.

“Lehenago hala egin izan balitz, agian, ez ginateke gauden egoeran egongo”. Hala ere, atzera begiratzeari utzi eta etorkizunera begira lan egiten jarraitzeko asmoa agertu zuen alkateak. “Hori baita gure lana, Mutriku aurrera begira jartzea”.