Arrantzaleen Kofradiak desagertzeko zorian dagoela eman du jakitera

2013/03/25
Portuen Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuaren jarrerak eta erabakiak dira Kofradiaren esanetan egoeraren erantzule. Hemen irakurri dezakezue Kofradiak kaleratutako komunikatua.

Honako hau Mutrikuko Arrantzaleen Kofradiatik helarazitako testua da, bere osotasunean:

 

MUTRIKUKO KOFRADIA DESAGERTZEKO ARRISKU LARRIAN DAGO

Komunikatu honen bidez, Mutrikuko herriari zein iritzi publikoari Kofradiaren aktibitatean eragina izan duten azken gertaeren berri eman nahi diogu.

Badira urte batzuk Kofradia, Mutrikuko Udalarekin batera, Balea proiektua martxan jartzen ari dela. Proiektu horren helburua itsasoa garapen ekonomikorako iturritzat berreskuratzea da. Horrekin batera, lanpostuak sortzea ere bilatzen da, artisau arrantza, akuakultura eta itsas-turismoa bultzatuta.


Hala ere, eta tamalez, Kofradia desagertzeko arrisku larrian dago, eta berarekin batera, herriko arrantza desagertuko da. Portuan azken aldian izandako zenbait gertaerek hainbat mendetan Mutrikuko giltzarria izan den erakunde honen behin betiko bukaera ekar dezakete.

Zer da gertatzen ari dena?

Jakina den bezala, portuan obrak hasiak dituzte pantalanak jartzeko. Horren harira, esan beharra dago, Portuen Zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritza ¬ eta are zuzenago Gipuzkoako Lurralde Zerbitzua¬ herriko arrantza aktibitateari trabak eta oztopoak jartzen ari dela. Interesatzen zaie gauza bakarra kirol portuaren garapena da. Egoera honek jarrera autoritario eta agintzailea dakar berarekin, non beste guztiok ez daukagun ez hitzik eta ez bozkarik.

Kontaezinak izan dira gure jarduna berriro martxan jartzeko jarritako eragozpenak. 2012an, esaterako, gure lonja egokitzea lortu genuen, horretarako beharrezkoak ziren gailuak eskuratuta (pisuak, esku-orgatxoak, altzariak…) eta arrainaren trazabilitatea bermatzen zuen sistema informatikoa ezarrita. Gabonetan, osorik desmuntatu ziguten, gauez, eta aurrez abisatu ere egin gabe. Gure bulegoko liburuetara eta ordenagailuetara heltzeko modurik gabe gelditu ginen. Sekulako zentzugabekeria izan zen, eta indar erakustaldi hutsa.

Hala eta guztiz ere, fede onez, hainbat alternatiba proposatu genizkien bulego berriaren eta izotz makinaren balizko kokapenekin. Gure ahalegin guztiak hutsean gelditu ziren. Ez ziguten erantzun ere egin.

Haien azken erabakiak, berriz, zentzugabekeria bere maila gorenera eraman du: moila osoa hesitu dute eta porturatzeko babesak kendu. Ondorioz, ontzien sarrera zaildu egin dute, baita zamalanak egitea ere. Hau guztia guri abisurik eman gabe eta gurekin hitzik egin gabe egin dute, noski.

Badakigu portuaren ‘jabeak’ direla, baina gutxienez, gauzak estiloarekin egin beharko lituzketela uste dugu. Bariku goizean bertan, arrantzaleek kandatuak edo giltzarrapoak apurtu behar izan dituzte euren ontzietara sartu ahal izateko. Arrantzaleak gaizkileak balira bezala ibili beharra, lotsagarria da benetan.


Kofradia denbora luzez ari da lanean Mutrikun porturatzen diren ontzien kopuruak gora egiteko. Gaur egun, artisau arrantza egiten duten hiru ontzi ditugu. Gainera, beste zenbait zonaldetako ontziak erakartzen saiatzen gara berdelaren edo antxoaren kanpainarako. Horrekin lortu nahi duguna zera da: bizirauteko bitarteko ekonomikoak lortzea.

Eta gutxinaka hori lortzen ari gara. Horren adibide garbia da azkenengo berdelaren minikanpaina. Mutrikun zortzi ontzi porturatu dira, eta antxoa garairako ere haiek hemen edukitzea aurreikusita geneukan.

Baina, ze ontzi etorriko da Mutrikura lanera baldintza horiekin? Eta ze kamioi jaitsiko da moilara iragaezina den aldapa topatuko badu eta moilan maniobra egiteko tokirik ere ez badauka?

Eta aurreikusitako diru sarrera horiek gabe, gure Kofradia oso oso egoera larrian dago.

Portuen Zuzendaritzak entzun gaitzan ahalegin ugari egin ditugu; gure esku zeuden bide guztiak erabili ditugu euren erabakiekin herriko kofradia ez itotzeko. Ez gaude kirol portuaren aurka, bana artisau arrantzaren alde egiten jarraitu nahi dugu.

Denbora luzea pasa da Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin hitzordua eskatu genuenetik, eta orain arte ez dugu inolako erantzunik jaso. Hala ere, bide hori jorratzen jarraituko dugu, eskuartean daukaguna ez baita arazotxo teknikoa bat ; azalera gehiago edo gutxiago, edo sarbide gutxiago edo gehiago… ez. Arazoa politikoa da, eta lehen mailako arazoa da, gainera. Izan ere, arrantzalea sentitzen den herri baten izpirituaren biziraupenarekin ari baikara eta, gainera, herri horren etorkizun sozioekonomikoa arriskuan jartzen ari gara.

Eskerrikasko.


Mutrikuko Arrantzaleen Kofradia.