Asteburuan geoparkeko bi bisita gidatu egiteko aukera egongo da

2013/07/18
Mutrikuko Hirigune Historikoak gordetzen dituen altxorrak ikusi eta bere historiaren zati bat ezagutzeko aukera da lehena; bigarren irteerak, flysch-a bere osotasunean egiteko aukera eskaintzen du.

Larunbat honetan, hilak 20, Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta bi bisita gidatu egingo dira Mutrikun, Malen jaien hasierarekin bat eginez: Monumentu Multzo izendapena duen Mutrikuko hirigune historikoa ezagutzeko irteera eta Flyscharen Ibilbide osoa egiteko aukera.

Mutrikuko Hirigune Historikoko irteera, 11:00etan, Mutrikuko turismo bulegotik aterako da. Mutrikuko hirigunean galtzea bere historiaren zati handi bat ezagutzea da. Bisitaldi honetan, besteak beste, Antonio de Gaztañeta eta Kosme Damian Txurruka pertsonaia garrantzitsuen jaioterria ezagutu eta herri honek gordetzen dituen monumentu nagusiak ikus ahal izango ditu bisitariak. Ibilbidea portuan dagoen Bentalekua Museoan amaitzen da,arrantzari eta itsasoari loturikoa. Ordu eta erdiko iraupena du bisita honek.

Bestalde, Flyscharen Ibilbide osoa egiteko aukera ere badago larunbatean, 16:00etan, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikotik. Oinez eta itsasoz egingo dute ibilbidea parte-hartzaileek eta kostaldean ditugun elementu berezi guztiak ezagutuko dituzte, hala nola, Mutrikuko flysch beltza, Debako itsaslabar izugarriak eta Zumaiako geruza bikainak. Hiru orduko ibilbidea da.

Ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea. Informazio gehiago www.geoparkea.com webgunean eskura daiteke. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak webgunean bertan egin daitezke, modu erraz eta erosoan, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.