Aurrerantzean Sokatirako Euskal Selekzioak ofizialki parte hartuko du nazioarteko txapelketetan

2014/07/04
Basque Country izenpean lehiatuko dute; estatus berria Ameriketako Estatu Batuetan estreinatuko dute abuztuan jokatuko den Munduko Txapelketan.

"Euskadiko Herri Kirol Federazioak eta bere barne dagoen Nazioarteko Sokatira Federazioarekiko harreman batzordeak (hau da lurralde ezberdinetako federazietako ordezkariz, euskal federazioko ordezkariz eta epailen eta kirolarien ordezkariz osaturiko batzordeak) jakinarazten dizuete 2014ko uztailaren 1etik Euskadiko Herri Kirol Federazioa (aurrerantzean EHKF) Nazioarteko Sokatira Federazioaren (TWIF) eskubide eta betebehar osoko kidea dela".

Aurrerantzean, sokatirako Euskal Selekzioak ofizialki parte hartuko du nazioarteko txapelketa guztietan Basque Country bezala. Estatus hori, Madisnonen, Wisconsin (AEB),datorren abuztuak 28tik 31ra jokatuko den lur gaineko txapelketatik aurrera izango dute.

Euskal taldeek, 40 urte inguru daramate nazioarteko txapelketetan parte hartzen. "Urte guzti horietan gure federazioak ez du izan aukerarik nazioarteko Federazioko partaide izateko euskaldun bezala, eta horren ondorioz, nazio arteko txapelketan Spain izenarekin parte hartu izan da nahiz eta gure taldeek sinbologia euskalduna erabiltzen zuten txapelketa horietan", azaldu dute federaziotik.

Nazioartean parte hartzen hasi ziren momentu beretik izan zen Euskal Herriko Federazioaren eta parte hartzen zuten taldeen erronka eta helburua TWIFen barruan ofizialtasuna lortzea. Eta hori lortzeko lanean aritu dira federazioko hainbat belaunaldi eta parte hartzen zuten talde guztiak. "Denbora luze honetan fase ezberdinetatik pasatu gara eta baldintza ezberdinetan aritu izan gara parte hartzen". 

2012ko Apirilak 18an Espainiako Konstituzio Auzitegiak, BOE-A-2012-6490 Euskal kirolari buruzko ebazpena kaleratu zuen. Ebazpen honen ondorioz eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren laguntzarekin,  TWIFekin batzar eta negoziazio prozesu sakon bat ireki zen. "Negoziazio prozesu hori, Sokatirako Euskal Selekzioaren lorpenarekin amaitu dela esateak izugarri pozten gaitu", adierazi dute. "Lorpen hau urte luzeetako lanaren ondorioz heldu dela azpimarratu nahiko genuke. Eusko Jaurlaritzak, Federazioko zuzendaritzek, epaileek eta batez ere -eta hemendik aipamen berezi bat egitea gustatuko litzaiguke-, urte luze hauetan aritu diren gure sokatira talde guztiek egindako lanari esker lortu dugu", nabarmendu dute. "Orain dela 40 urte inguru parte hartzen hasi ziren talde batzuk gaur egun ere jarraitzen dute baina jarraitzen ez duten talde horien lanaren ondorioa ere bada gaurko albiste on hau". 

Aipatutako eragile guztiei eskerrik beroena adierazi nahi izan diote Euskal Herriko Federaziotik. "Azkenean Basque Country ordezkatzea eta gure ikurriña beste herrialdeen ikurren parean ikustea lortu dugu denon artean. Herri txikia gara baina Sokatira munduan herri handia gara".