Azaleko melanina probak egingo dira hilaren 15ean eta 16an

2013/07/12
Minbiziaren Aurkako Elkarteak azaleko minbiziari lotutako prebentzio kanpaina jarri du martxan, Udalarekin elkarlanean; probak Moil Berri atzeko zabalgunean egingo dira, doan.

Udarekin batera, Minbiziaren Aurkako Elkarteak azaleko minbiziari lotutako prebentzio kanpaina jarri du martxan. Testuinguru horretan, eta Mutrikuko Udalarekin elkarlanean, azaleko melanina neurketak egingo dituzte, datorren astelehenean eta martitzenean, (15 eta 16) Moila Berri atzeko zabalgunean

Iaz egin zen lehen aldiz, eta kanpainak sekulako arrakasta izan zuen herritarren artean. Kanpainaren helburua eguzkitik babesteko jarrera egokiak bultzatzea da. “Azaleko minbizia, tamalez, gero eta gehiago entzuten den gaitza da. Eguzkia hartzerakoan, arduratsuak izatea komeni da, eta ze babes erabili jakitea oinarrizkoa da. Azaleko melanina neurketek babes hori zenbatekoa izan behar den jakiteko balio dute”, dio Ongizate Batzordeko buru Arrate Urangak.

Proba momentuan egiten da, eta doakoak dira. Makina batekin besaurrea ukituta, azalaren melanina kopurua neurtzen dute, eta azalaren ezaugarriak eta erabiliko beharreko babesa zein den jakiten da berehala. “Herritarren artean informazioa zabaldu nahi dugu, eta bide batez, elkarteek, kasu honetan Mibiziaren aurkakoak, egiten duten lanaren inguruan herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu”, nabarmendu du Urangak.
Iaz bezala, azaleko minbizia ekiditeko ekimena, minbiziaren gaiari lotuta egin duten bigarren ekimena da. “Aurrez, tabakoaren aurkako kanpainan hartu genuen parte”.

UMEENTZAKO TAILER BEREZIA
Azaleko minbiziaren aurkako kanpainak, aurten, bereziki, etxeko txikienei erreparatuko die. Azaleko neurketak egingo diren gunean haiei zuzendutako tailer berezia egongo da.

Umeei gaia azaltzeko espresuki sortutako ipuinak banatuko dizkiete, eta gaiari lotutako txapak egiteko aukera ere edukiko dute. “Txikitatik kontzientziatu behar gara eta osasuntsu egoteko neurriak hartzen ikasi behar dugu. Horretan lagunduko diete, tailerrean ariko diren boluntarioek”, azpimarratu du Urangak.