Azoka Txikian garaiko produktuekin errezetak prestatuko ditu Jarri Toki jatetxeko sukaldari Gorka Urrestik
Bihar, 09:00etatik eguerdiera arte, Beheko plazan, hilero bezala, Azoka Txikia egingo da.
Herritarrek eskura edukiko dute baserritarren produktuak erosteko aukera, baita Urrestik jendaurrean prestatuko dituen errezetak ikastekoa ere. "Sukaldaria azokan lanean ipinita, herritarrek garaiko produktuek ematen dituzten aukerak ikusteko balioko du; ideiak hartu eta garaiko produktu freskoekin eta kalitatezkoekin egin daitekeena praktikan jartzea da asmoa", adierazi dute Debemenetik. Modu honetan gastronomia garaiko produktuekin uztartzea lortu nahi du Debemenek, "elikaduraren garrantzia plazaratuz". "Garaiko produktuak ahora
eramatean osasuna zaintzen gaudela ohartzea nahi dugu", azpimarratu dute.
Uztailean eta abuztuan Azoka Txikien maiztasuna areagotu egingo da: hileko bigarren larunbatean
izateaz gain, hirugarren larunbatean ere ospatuko da. Uztailaren 21ekoa, gainera, lekuz aldatuko dute: Goiko plazan izango da. "Udan ekoizpena handitzen denez, eskaintza
zabalagoa da eta erosteko aukera ere handitu nahi izan dugu".