Azoka txikian sasoiko produktuen landaketa tailerra egongo da

2013/05/09
Bertoko baserrietako produktuak eskuratzeko aukera berri bat egongo da zapa

Zapatuan, hilak11, hileko bigarren zapatuan egiten ohi den bezala, azoka txikia egongo da Beheko plazan. Azoka 09:00etatik 14:00ak arte egongo da zabalik.

Maiatzeko azokak bi berezitasun edukiko ditu: alde batetik, LANDAKETA TAILERRA egongo da. "12:00ak inguruan hasiko da, eta umeentzat izango da", azaldu dute antolatzaileek. Mutrikuko Ekoalboraz enpresako eta Basailun baserrikoak izango dira tailerra zuzenduko dutenak. "Iaz ere maiatzean egin zen tailer hau, eta arrakasta izan zuen. Landatuko dutena letxugak izango dira". Letxugak aukeratzearenak ere badu zergatia. "Letxugak landatzeko sasoirik onena orain delakoa aukeratu dugu", azpimarratu dute.

Gainera, oraingoan, herriko baserritarren saltokiekin batera, herriko bi emakume ekintzailek sortutako enpresako produktuak ere egongo dira salgai. Hain zuzen ere, Ondare enpresa izango da azoka txikiari batuko zaiona. "Meremeladak, saltsak… baserritarren sasoiko produktuekin egiten dituzten euren produktuak. Azoka txikiaren filosofiarekin guztiz bat datoz, eta herritarrak dira, gainera", azaldu dute antolatzialeek.

Beraz, azoka txikien filosofiari jarraituz, herritarrek, beste behin ere, bertoko eta saoiko produktuak edukiko dituzte eskura. "Herritar askok ez dute aste barruan azokako orduetan bertaratzerik. Azoka txikiek aukera hori ematen diote".

Gainera, antolatzaileek sosaiko produktuak jatearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. "Garaian garaiko produktuak jatea baino gauza osasuntsuagorik ez dago, eta jendeak  gero eta kontzientzi handiagoa duela agerian dago".  Gainera, azoka txikietan erosteak herriko ekonomian ere eragin positiboa duela nabarnedu nahi izan dute. "Bertoko baserrietan ekoitzitako produktuak baserritarrei zuzenean erostea da azoka txikiak bultzatzen duena; geure buruaren alde egiten dugu, eta aldi berean, bertoko baserritarrei laguntzen diegu".