Badator zaborra biltzeko sistema berria

2016/11/24
Materia organikoaren gaikako bilketa eta birziklatu ezin diren hondakinetarako edukiontzi grisa laister izango dira gure herriko kaleetan.

Datorren azaroaren 22tik aurrera, biohondakinak biltzeko edukiontzi marroiak instalatzen hasiko dira Deban eta Mutrikun; horrela, beraz, 5. edukiontziaren bidez materia organikoa biltzeko sistema –Mankomunitateko gainerako herrietan dagoeneko ezarrita dagoena– erabiliko dute. Ekimen horren bidez, udalerri horietako gaikako bilketaren ehunekoak nabarmen hobetu (% 35 inguru da gaur egun) eta Europan birziklatze-tasak hobetzeko finkatutako helburuen lorpenean aurrera egin nahi da. Edukiontzi marroiek txartel magnetiko pertsonalizatu baten bidez irekitzeko sistema bat eta erabiltzaileen datuak erregistratuko dituen txip bat izango dute. Adierazitako sistema Mankomunitateko gainerako udalerrietan aplikatzen den bera da, eta erabilera zuzena egiten den kontrolatzeaz gain, herritar bakoitzaren parte-hartze mailari buruzko informazioa ematen du.

Materia organikoaren edukiontziaz gain, birziklatu ezin diren hondakinetarako edukiontzi grisa ezarriko da Deban eta Mutrikun, eta lehen aldiz mankomunitatean. Edukiontzi horrek errefusaren egungo edukiontzi berdea ordeztuko du. Edukiontzi berri hori abenduaren erdialdean instalatzen hasiko da, eta birzikla daitezkeen hondakinak errefusarekin ez nahastea eta birziklatze-tasak hobetzea du helburu. Horretarako, txartel bidez irekitzeko sistema bat eta edukiontzi marroiaren kasuan bezala erabilera eta parte-hartze maila kontrolatzeko txip bat edukiko du. Herritarren erabilera errazteko, bizileku bakoitzeko txartel magnetiko pertsonalizatua bi edukiontzi berrietarako baliagarria izango da.

Mankomunitateko presidente Arcadio Benítezek oso balorazio positiboa egin du Deba eta Mutrikuren parte-hartzearen inguruan, eta adierazi duenez, “bi udalerri horietan materia organikoaren edukiontziak ezartzearen bidez, Debabarrenari azken bost urteotan bilketaren emaitzak bikoiztea ahalbidetu dion zikloa osatuko da”. Edukiontzi grisari dagokionez, Debabarreneko arduradunak honako hau adierazi du: “Mankomunitateak 800.000 euroko inbertsioa egingo du 2017an, sistema hori gainerako udalerrietara zabaltzeko; Europak birziklatzearen arloan ezarritako helburuen lorpenean aurrera egiteko apustu garbia da”.

Informazio-kanpaina

Materia organikoaren eta errefusaren edukiontzi berriak ezartzearekin batera, zerbitzu berriaren xehetasunak ezagutzera emateko informazio-kanpaina bat egingo da. Kanpaina horren barruan, gaikako bilketari buruzko informazioa emango duen gutun bat eta zerbitzuan alta emateko eta parte hartu nahi dutenek beharrezkoak diren material guztiak jasotzeko inprimaki bat jasoko dute herritar guztiek. Halaber, informazio-hitzaldiak emango dira, eta izena emateko eta edukiontziak irekitzeko txartel pertsonalizatuak jasotzeko bulegoa gaituko da Konde kaleak Udalak daukan lokalean (estanko zaharra),ordutegi jarraituan egongo dena jendearentzat zabalik, 11:00etatik 20:00etara (astelehenetik ostiralera) edota 09:00etatik 14:00etara (larunbatetan). Kanpaina, herritarrei ez ezik, hiri-eremuko sortzaile bereziei ere (hots, saltokiei, ikastetxeei, elkarte gastronomikoei eta abar) zuzenduta egongo da. Kanpainaren barruan, doako telefono-zenbaki bat eskainiko da (900 10 43 42), sortzen diren zalantza guztiak argitzeko.