Balea elkarteak aurtengo eta datorren urterako jarduna zehaztu du

2014/06/10
Elkartearen baitan emandako aldaketen erri ematearekin batera, 2014-2015 urteetarako helburuak eta ekintza zehatzak plazaratu dituzte.

Balea elkartearen bi helbururekin zabaldu nahi izan du komunikatu hau: alde batetik, Balea elkartearen barne aldaketen eta antolaketa berriaren berri emateko; eta beste alde batetik, 2014-2015 urteetako Gestio Planaren berri emateko.

1.    BALEA ELKARTEAREN BERRANTOLAKETA
Mutrikuko Udalaren, Debegesaren eta Arrantzaleen kofradiaren artean sortu zen Balea elkartea 2011. urtean. Elkartearen azken helburua Balea proiektuaren garapena bultzatzea da. Aipatutako proiektu hori garatzeko, hainbat eremutako 150 adituk parte hartu zuten gogoeta prozesu baten emaitza da. Eta lortu nahi duena honako hau da: itsas-baliabideen ustiapen jasangarria lau lan eremuren garapen ekonomikoaren bidez. Lau lan eremu horiek artisau arrantza, akuakultura, itsas-turismoa eta kontserba-industria dira.

Elkartearen sorreratik egindako lanaren ondoren, 2014an, elkartearen baitan eraldaketa sakona gertatu da. Alde batetik, Udala eta Debegesa elkartetik kanpo gelditu dira (arrazoi legalak direla eta); eta beste alde batetik, itsas-sektorearekin lotutako interesak dituzten enpresek bat egin dute elkartearekin (komertzioak, enpresak, tabernak...). Gaur egun, elkarteak 12 bazkide ditu, eta bazkide berrientzako ateak irekita daude. Gainera, eta prozesu honen ondorioz, Zuzendaritza Batzordea berritu du Balea elkarteak. Aurrerantzean, lehendakaria Santi Rios izango da, eta diruzaina Javier Aginaga.

2.    GESTIO PLANA 2014-2015
Urte horietako bi helburu nagusi jarri dira: itsasoari lotutako enplegua sustatzea eta portua eta bere inguruak dinamizatzea.

Enplegua sustatzeko honako ekintza hauek definitu dira:
•    Akuakultura proiektu bat martxan jarri (abaloia, itsas-zizarea, korala...)
•    Arraina merkaturatzeko enpresa baten eraketa babestu
•    Eguneko arraina bereizgarri duen jatetxe bat martxan jarri
•    Artisau arrantzako bi ontzi gehiago erakarri
•    Artisau-kontserbak egiteko eremua sortu
•    Kontserba-enpresa baten sorrera babestu

Portua eta inguruan dinamizatzeko, berriz, honako ekintzak planteatzen dira:
•    Eusko Jaurlaritzaren Garraio Azpiegituren Zuzendaritzarekin elkarlanean portuan dauden lokalen eta eremuen banaketan egin, aktibitate ekonomikoari lehentasuna emanda
•    Eguneko arrainen dastaketak antolatu
•    San Pedro Eguna berreskuratu
•    Portuko itsas-xaflak definitu aisialdi eta kirol erabilera berrientzako

Horrekin guztiarekin batera, orain arte proiektuko koordinatzailea izan denak, Jose Rejok, beste lan errronka bati aurre egiteko elkartea utzi duela ere jakinarazten dizuegu. "Joseri urte hauetan egindako lan guztia eskertu nahi genioke. Gu, gure aldetik, gestio talde berriaren eraketa osatzear gaude, eta talde berri horrek indar berrituekin eta ilusio handiarekin ekingo dio proiektuari", adierazi dutre elkartetik. "Amaitzeko, egingo dugun lanketa horretan Mutrikuko herriari babesa eta laguntza eskatu nahiko genioke. Izan ere, mugiarazten gaituen bakarra gure herriaren garapen sozioekonomikoa da, ez besterik".