Barikuan puntako lau bertsolari ariko dira Miruaitz pilotalekuan

2013/09/03
Mutrikuko Bertso Eskolak, ohi duen bezala, saio bikaina antolatu du Kalbaixo jaiei bidea zabalduaz; sarrerak saioa hasi aurrean, lehiatilan behar erosi beharko dira.

Alaia Martin, Iker Zubeldia, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga. Hori da Mutrikuko Bertso Eskolak Kalbaixo bezperetan antolatu ohi duen saiorako bildutako puntako bertsolari taldea.

Bertsolarik aukeratzeko orduan, "saio orekatua izateko bidea zabaltzen duten bertsolariak" eta "erantzuteko joera duten bertsolariak" izatea lortu nahi izaten dute Mutrikuko eskolakoek. Eta lortu dutelakoan daude. "Saio alaia izatea espero dugu, bi umore estilorekin: Iturriagaren ironia puntua eta Zubeldiaren erantzunak. Elustondok eta Martinek ere txispa badaukate ta saioak borobiltzea espero dugu", adierazi du Bertso eskolako kide Xabi Astigarragak.

Saioa, barikuan, hilak 6, 22:30ean, Miruaitz pilotalekuan izango da, eta sarrerak bost euro balioko dute. Sarrerak Miruaitz pilotalekuko lehiatilan bertan erosi ahal izango dira. "Langabetuentzat eta 18 urtetik beherakoentzat doan izango da.

Gaiak jartzeko ardura Aitzol Astigarragarena izango da. "Gaiak aurreratzerik ez dago, baina esan dezaket saiatuko dela Mutriku inguruko gertaerak ukitzen dituzten gaiak sartzen", adierazi du Xabik.

Bertso Eskolakoek herritarren erantzun ona espero dute, "beti bezela". "Ia frontoia girotzen dugun eta jendea gustura gelditzen den. Bide batez, herritar guztiei luzatu nahi diegu bertaratzeko gonbidapena".