BERDEL AIPAMENA 2018

2018/03/02
Aurten bere sorreraren 50. urteurrena ospatuko duen Goizeko Izarra Ikastola izan da herri bozkaketaren garailea.

Berdel Eguneko jaiaren ospakizunaren baitan, urtero, Berdel Aipamena eman ohi da, nolabait Mutrikuren onerako lan egin duten pertsona, elkarte e.a.-ei euren lana eskertzeko ideiarekin.

Aurtengoan, Mutrikuko Udalak Berdel Aipamena zeini eman hautatzeko prozesu bat ireki zuen pasa den abenduan.

 

Berdel Aipamenerako hautagaiaren aukeraketa prozesua

 

Prozesuak bi atal izan ditu. Lehen fase batean, herritarrek hautagaiak aurkezteko epe bat izan zuten. Guztira 16 pertsonek aurkeztu zuten hautagaitza eta denen artean 13 hautagai proposatu ziren. Hautagai horien artean, Garapen batzordeak, zortzi hautagaiko behin betiko zerrenda bat osatu zuen, izan ere,  hautagaietako askok udaletik beste aipamen edo sariren bat jaso berri zuten edo hautagai izateari uko egin zioten.   Horrez gain,  udalak “ohorezko berdel laguntzaile” izendapena ere ematen du  Berdel Egunean laguntzaile izandakoen artean.

 

Bigarren fase batean, zortzi hautagaien artean aukeratzeko herri bozketa egin zen. Bozketan parte hartze handia izan da, guztira 519 bozka jaso ditugularik. Nabarmendu nahi dugu, %90ak baino gehiagok web gunearen bidez bozkatu duela, %7ak Turismo bulegoan eta %1ak udaletxeko harrera gunean.

 

Herri bozketaren emaitzak

 

Esan bezala hautagaiak zortzi ziren: The Basque Way enpresa, Antonio Oianguren “Okon”, Andoni Larrea, Goizeko Izarra ikastola, Anaiarte,  Kantuz Bizi eta Maddalen abesbatzak, Txantxangorri aisialdi taldea,  Ondare enpresa  eta Valentín Barronea.

 

Guztiek jaso dituzte botoak, baina hauetako batek nabarmen irabazi du. Goizeko Izarra Ikastetxea izan da boto gehien jaso duena boto guztien % 24-arekin.  Goizeko Izarraren atzetik Anaiarte,  Kantuz Bizi eta Madalen abesbatzak eta Antonio Oianguren “Okon” geratu dira, bien artean boto bakar baten diferentzia egon delarik eta bozka guztien %15 eta %14 jaso dutelarik.

 

Beraz, 2018ko Berdel Aipamena, Goizeko Izarra ikastolak jasoko du, herritarren 124 bozka jaso ondoren, izan ere, 2018ko irailean ikastetxeak 50 urte beteko ditu eta hori dela eta, hautagaitza aurkeztu zuten, garai hartan, herritar eta irakasle talde batek erakutsitako ausardia eta egungo ikastetxeak ematen dion  jarraipena saritzeko.

 

Berdel Aipamena 2018:

 

Urtero bezala, Berdel Aipamena Udal Pleno aretoan emango da, martxoak 16an, ostirala.

Ekitaldia 20:00etatik aurrera hasiko da. Ekitaldia herritar guztientzat irekia izaten da.

 

Aipamena jasotzera, Goizeko Izarra Ikastolako eragile ezberdinak etorriko dira, bai gaur egungoak eta baita  ikastolaren lehen urte haien ordezkariak ere.