Bertoko produktuekin eginiko jakiak dastatzeko aukera egongo da zapatuko merkatu txikian

2013/07/10
Jarri-Toki jatetxeko sukaldari Gorka Urrestik prestatutakoa eta mermelada eta gazta duten tostadak egongo dira aukeran merkatu txikian erosketak egiten dituztenentzat

Bertoko ekoizleen eta sukaldarien arteko elkarlanetik ateratzen diren produktuen bikaintasuna. Hori da zapatuko merkatu txikiak agerian laga nahi duena. Eta emaitza, ikusi ez ezik, dastatu ere egin ahal izango dute merkatuan erosketak egiten dituztenek.

Dastatzeko bi jaki egongo dira aukeran: alde batetik, Jarri-Toki jatetxeko (Mutriku) sukaldari Gorka Urrestik, bertoko ekoizleen produktuekin, prestatuko duen pistoa; eta beste alde batetik, bertako ekoizleen produktuak fusionatuta eskainiko dituzten, mermelada eta gazta tostadak.

Dastaketarako, ordea, erosketa txartela erakutsi beharko da. Azokak, bere filosofiari jarraituz, bertoko eta sasoiko produktuak erosteko aukera eskainiko die herritarrei. Bertan, egongo dira Ibiri, Goienetxe, Aritza, Antia, Itxas-Gain eta Basailun (Ekoalboraz) baserrietako produktuak, Ondare enpresakoen mermeladak eta Iratxe loretegiko loreak. 

Azoka, ohi bezala, 09:00etatik 14:00etara, Beheko plazan, egongo da.