Bide-segurtasunari duen garrantzia emateko kanpaina abiatu dute udalak eta guraso elkarteek elkarlanean

2012/10/24
Umeak oinez zein autoan behar den bezala eramatea lortu nahi dute; prebentzio kanpainarekin balizko ezbeharrak ekidin nahi dituzte.

Umeen segurtasuna. Hori da Udalak eta herriko guraso elkarteek martxan jarri duten sentsibilizazio kanpainaren lehen zatiaren helburu nagusia. Zehazki, bide-segurtasuna da landu nahi duten gaia, eta ezbeharrak ekiditeko bidea prebentzioa dela sinisten dute.

Bide-segurtasunaren inguruko kanpainari benetako egoera batek eraginda ekin diote. Izan ere, herriko hainbat eragilek kezka bera azaldu dute. “Besteak beste, udaltzainek, osasun sailean lan egiten dutenek eta gurasoek eurek ikusi dute umeak autoan eramatean, ez direla beti behar bezalako neurriak hartzen”, azaldu du ongizate zinegotzi Arrate Urangak. “Auto bakoitzean ume gehiegi joaten dira, segurtasun uhala eta aulkiak ez dira beti erabiltzen, presaka ibiltzeak arazoak sortarazi ditu... Gainera, oinez doazenean ere ez dira segurtasun neurriak zaintzen. Hori ikusita informazioa zabaltzea beharrezkotzat jo dugu”.

Udalaren kezka ez da umeenganako bakarrik, kezka zabalagoa da. “Umeekin ekin diogu kanpainari, baina gazteak ere gogoan ditugu. Haientzako, ordea, planteamendua ezberdina izango da: haiekin elkarlanean aritzea da asmoa. Bigarren fase batean ekingo diogu lan horri”.


UMEEN SEGURTASUNA, GURASOEN ESKU
Sentsibilizazio kanpainaren lehen zatiaren oinarria gurasoei helarazi dieten eskuorria da. Eskuorria zabaltzeko ikastetxeen laguntza eduki du udalak. “Guraso elkarteekin eta udalarekin bat etorrita, ikastetxeek ere bide-segurtasuna sustatzeko euren laguntza eskaini digute, hasiera-hasieratik”, zehaztu du Urangak.
Aipatutako eskuorrian, oinez zein autoan eramaten diren umeekin hartu beharreko segurtasun neurrien berri ematen dute; baita ezbeharrak ekiditeko zenbait aholku ere.

Eskuorriarekin batera, informazio kanpainaren zergatia eta helburuak azaltzen dituen eskutitza ere helarazi zaie gurasoei. “Trafiko istripuak umeen heriotzetan arrazoi nagusienetakoa dira hainbat herrialdetan. Oinez joatean oinarrizko neurriak hartzea ezinbestekoa da horrelakoak ekiditeko, eta umeentzako autoko aulkien onura ez du jada inork zalantzan jartzen”, nabarmendu nahi izan du. “Autoko aulkiek lesio larriak edota heriotzak %50era jeisteko balio izan dute, zenbait lekutan %80era ere jeitsi da ezbehar kopurua. Umeen segurtasuna bermatzea denon esku dago, eta horretan ahalik eta gehien saiatzera animatu nahi genituzke herritarrak”.