Bihar egingo da herriko kirolaren lehenengo gala

2014/02/20
kirol munduan dabiltzan eta ibili diren pertsona eta eragileei onespena eta eskerrak ematea da ekitaldiaren helburua; guztira lau sari banatuko dira.

Bihar, izango da herriko kirolaren lehenengo gala. Udalbatzar aretoan egingo da, herriko kirol munduan dabiltzan eta ibili diren pertsona eta eragileei onespena eta eskerrak emateko.

2012-2013 denboraldia kontuan hartuta, kirolari onena, talde onena, kirol ibilbidea eta aipamen bereziaren sariak banatuko ditu udalak, 20:00etan hasita: hurrenez hurren, Erik Mendizabal pelotaria, Mutriku Sokatira Taldea, Mutriku Arraun Taldeko Loren Elezgarai eta herriko futbolari hainbeste eman dion Luis Mari Arrieta izango dira sarituak.

Udal kirol batzordeak jakitera eman duenez, saritutako guztien kirol ibilbidea ikus-entzuneko bideo batean ikusteko aukera izango dute gala ikustera doazen guztiek. Amaieran, luntxa egongo da aukeran. «Herri guztia gonbidatuta dago ekitaldiaz gozatzera», esan dute.

PILOTA ADITUEKIN SOLASEAN
Sari banaketa egin baino lehenago, 19:00etan hasita, Zesta-puntaren iragana eta oraina mahai ingurua egingo da, udalbatzar aretoan bertan.

Pelota munduko adituek parte hartuko dute: Patxi Jauregi Euskadiko Pelota Federazioko lehendakaria, Felix Espilla goi mailako puntista ohia eta Danok Bat elkarteko Jon Iñaki Mendizabal Goxarri izango dira solaskideak.