Bihar Plazatik Gaztetxera bertsolari gazteen txapelketako saioa egongo da Gaztetxean

2014/05/09
Zortzi bertsolarik parte hartuko dute kanporaketa saioan eta tartean, Imanol Lekunberri mutrikuarra ariko da; 21:00etan afaria egongo da, eta 22:30ean bertso saioa.

XIII. Plazatik Gaztetxera txapelketa Mutrikura helduko da bihar. Zortzi bertsolarik bikoteka parte hartuko dute Gaztetxean egingo den saioan. Oholtza gainera, igoko direnen artea, Imanol Lekunberri mutrikuarra egongo da.

Herriko bertsolari gazteak Beñat Iguaran izango du lagun. Beste hiru bikoteak honako hauek izango dira: Malen Amenabar-Eneko Arrate, Maddi Gallastegi-Aitor Salegi eta Mikel Artola-Haritz Mujika. Saioa irabazten duen bikotea zuzenean sailkatuko da finalerdietarako. 

Saioaren aurretik, 21:00etan, afaria egongo da Gaztetxean. Sarrerak hamar euro balio ditu; langabetuek eta ikasleek, ordea, zortzi eurotan eskuratu ahalko dituzte. Txartelak Subeltzen, Gaztetxean, Zubiaramen eta Zubixan eros daitezke.

 

TXAPELKETAREN FUNTZIONAMENDUA

Bertsolari gazteen arteko txapelketak hiru fase edukiko ditu: kanporaketak, finalerdiak eta finala. Fase bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira hurrengorako eta aurrera egingo dute gainontzeko bikoteak puntuazioaren arabera erabakiko dira. Eta saio guzti-guztietan lau bikotek topo egingo dute oholtza gainean.

Lehen fasean, lau kanporaketa saio egongo dira: gaur, Antzuolan; bihar, Mutrikun; maiatzaren 16an, Eibarren eta maiatzaren 24an, Elgoibarren.

Finalerdiak, berriz, maiatzaren 23an Markina-Xemeinen eta maiatzaren 24an, Elgoibarren izango dira, eta final nagusia, maiatzaren 31n, Soraluzen.