Birgaitze jasangarriari buruzko ikastaroa eskainiko du Debegesak maiatzean, langabeei zuzenduta

2013/05/06
Debabarreneko Enplegu Planaren baitako ikastaroa da, eta datozen asteetan hasiko da; interesa dutenek Lanbide eman behar dute izena, maiatzaren 13a baino lehen.


Eraikuntzaren sektorean esperientzia duten eta lanik gabe dauden pertsonen enplegu-aukerak handitzea helburu, Debegesa Garapen Agentziak birgaitze jasangarriari buruzko prestakuntza ikastaroa eskainiko du datozen asteetan.

Denera 15 lagunek parte hartu ahal izango dute egitasmoan. Ikastaroak 205 orduko iraupena du, eta hasiera-eguna datorren maiatzaren 20rako dago aurreikusita.  Amaiera, berriz, 2013ko irailaren 27rako dago iragarrita. Ikastaroa Debegesaren egoitzan eskainiko da, Eibarren.

Izena emateko epea zabalik dago, eta horretarako, Lanbidera jo behar da, Elgoibarko bulegoan edota internet bidez (www.lanbide.net), maiatzaren 13a baino lehen.

Interesa dutenek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
•    Langabea izatea
•    Debabarrenean erroldatuta egotea
•    Gutxienez 3 urteko esperientzia eraikuntzaren sektorean: igeltsero, iturgin, argiketari, eskaiolista, zurgin…

Informazio gehiago nahi dutenek Lanbideren Elgoibarko bulegora jo dezakete  (943 744 425) edota www.lanbide.net atarian kontsultatu dezakete.