Brigadan aritzeko bi langile kontratatuko ditu Udalak

2014/03/21
Kontratua bost hilerako izango da, eta lan nagusia berdeguneak txukuntzea izango da; izena emateko epea martxoaren 28an amaituko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntza bati esker, Udalak bi lagun kontratatuko ditu bost hilabetetarako. Kontratatutako bi lagunak brigadan ariko dira, eta haien lan nagusia berdeguneak zaintzea eta txukuntzea izango da.

Hautaketa egiteko, Aldundiak diru laguntza ematerakoan ezarritako baldintzei jarraituko die Udalak. 2013ko azaroaren 22ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituen Aldundiak diru laguntza honetarako baldintza guztiak.

Gauzak horrela, Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden langabetuen artean egingo da kontratazioa, eta hautaketa egitekorakoan, besteak beste, honako hauek hartuko dira kontuan: duela urtebete langabezia laguntza edo prestazioa amaitu izana; hautagaia bi urtez langabezian egotea; langabezia laguntzarik edo prestaziorik ez jasotzea; diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzaren jasotzailea izatea; lanpostuari lotutako ezagutza edukitzea; bere ardurapean pertsona gehiago edukitzea, eta familia errentako ratio txikiagoa izatea; emakumea izatea; hogeita hamabost eta berrogeita bost urte bitartean edukitzea; eta pertsona desgaitua izatea edo adimen osasuneko arazoak izatea. “Irizpide horiek ez dira derrigorrez bete behar aurkeztu ahal izateko, baina aukeraketa egitean, lehentasuna emango zaie irizipideak betetzen dituztenei”, adierazi du Joxan Agirregomezkorta gobernazioburuak. 

Kontratazioa lehenbailehen egitea da Udalaren asmoa. Prozesua honako izango da: izena emateko epea martxoaren 28an amaituko da. Interesetatuek udaletxeko harrerara jo beharko dute horretara. Behin epea amaituta, udaletxean mahai teknikoa osatuko da eta ahalik eta epe laburrenean erabakia hartu eta aukeratuei jakinaraziko zaie.