Bularreko minbiziaren kontrako eguna

2016/10/18
Minbiziaren Aurkako Elkarteak kalean ospatu nahi du Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta herritar guztiei egunaren garrantziaz ohartarazi

Minbiziaren Aurkako Elkarteak kalean ospatu nahi du Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta herritar guztiei egunaren garrantziaz ohartaraztearren eta egunari bere garrantzia ematearren pankarta jarri da udaletxeko balkoian, eta anbulatorioan nahiz botiketan lazo arrosak dituzten otarrak ipini dira. Toki horietan jendaurrean lanean diharduten langileei lazo arrosak eman zaizkie horiek erakusteko.

Baina minbiziaren arazoa herritar guztiongan eragina duela erakustearren, lazo arrosa herriko establezimendu guztietan jendaurrean lan egiten duten langileei banatuko zaizkie. Hala, harategietan, naturistetan, janari-, fruita-,jantzi-, kirol-, zapata-, lora- eta jostailu-dendetan… lazo arrosa nagusi izango da urriaren 19an.

Iaz San Miguel Zaharren Egoitzan izandako arrakasta ikusita, aurtengoan ere lazoak eta pultserak eskainiko zaizkie zuzen-zuzenean bertako egoiliar nahiz langileei.

EGOITZA BERRIA EIBARREN

Bestalde, Minbiziaren Aurkako Elkartean urriaren 27an Eibarko egoitza berria inauguratuko du. Egoitza horretan, Elkarteak minbizia pairatzen dutenei eta beren senideei babes sikologikoa eskainiko die profesionalen eskutik.  Zerbitzu hori doakoa izango da eta astelehenetik ostiralera emango da goizetan, 9:30etatik 13:30etara. Informazio gehiago behar izanez gero, Donostiako egoitzako telefonoa: 943457722.

Inaugurazioaren inguruan, egun horrexetan Elkarteak hitzaldi interesgarria antolatu du Eibarren, Coliseo Antzokian, arratsaldeko seietan hasita.  “Minbiziaren aurkako ikerketa eta etorkizuna” gai izango duen hitzaldian estatu mailako lau adituk hartuko dute parte.