Burumendi-Samikolla errepidea bihar eguerdian zabalduko dute

2013/06/19
Moila inguruan dauden trafiko arazoei behin-behineko irtenbidea eman dio Udalak, Eusko Jaurlaritzak dagokion obra egin bitartean.

Samikolla eta Burumendi lotzen dituen errepidea bihar eguerditik aurrera zabalik egongo da. Udalak errepidea irekitzeko behin-behineko konponketa egitea erabaki du, moila inguruan sortutako trafiko arazoei aurre egiteko.

Moilara eta hondartzara heltzeko bide bakarra egoteak arazoak sortu ditu Samikolla-Burumendi errepidea jausi zenetik. "Nasa kalean bi norantzetan doazen ibilgailuak nahiko estu gurutzatzen dira, eta gainera, oinezkoak ere bide beretik dabiltza", azaldu du joseba Palenzuela alkateak. "Uda denboraldia hastearekin batera arazo areagotu egingo zela aurreikusten genuen, eta Eusko Jaurlaritzak obra hasi arte ezer ez egitea erabaki zuenez, Udalak bere gain hartu du errepidearen behin-behineko konponketa".

Errepidea jausi zenetik, Udala etengabe egon da harremenaten Eusko Jaurlaritzarekin, eta behin eta berriz eskaera bera egin dio: behin betiko obra egin bitartean, ibilgailuentzako errei bat, behintzat, irekitzeko. Joan den astean Eusko Jaurlaritzarekin eta obra egingo duen enpresako ordezkariekin bildu ondoren, errei bat irekitzekotan, Udalak egin beharko zuela argitu zuten. "Urgentziazko izaera eman zioten arren, obraren esleipen prozesua luze joan zaie, eta obra hasiera uztailaren amaierara arte atzeratu da", aitatu du alkateak. "Begibistakoa zen ezin ginela horren zain egon".

NORANTZA BAKARRA

Bidea ireki bezain laster, Nasa kalea norantza bakarrekoa bihurtuko da; hau da, Lonja zaharraren paretik hondartza aldera joan ahal izango dira ibilgailuak, baina kontrako bidea ezingo dute bertatik egin. Burumendi-Samikolla bidea erabili beharko dute portua-hondartza gunetik irteteko.

Samikolla-Burumendi errepidean egindako koponketak Zubikarai enpresak egin ditu. "Apurtuta zegoen zatia prestatu eta hutsuneetan betelan handia egin dute bidea sendotzeko", azaldu du alkateak. Geologia eta geoteknian adituak diren Ikerlur enpresako teknikariekin ere lan egin du Udalak, eta haiek euren oniritzia eman diote egindako lanari. "Hala ere, egindako lana behin-behinekoa da, eta egin berria, gainera. Beraz, herritarrei bide zati horretan abiadura moteltzeko eta kontuz ibiltzeko eskatzen diegu", azpimarratu du alkateak.