Caridad Mendizabal omendu dute Mutrikuko Samikollako auzotarrek

2014/09/10

Mutrikuko Samikolla auzoko kideek San Nikolas eguna ospatu dute gaur [irailak 10]. 11:00etan puntuan, jaia hastear zelan iragartzen zituzten hiru txapligu bota dituzte udaltzainek, San Nikolas santua dagoen ermitaren paretik. Jarraian, meza hasi da aurreko zelaian. Don Ramon abadeak eguzki galdatan eman du meza, elizkizuna entzuten zeudenak gerizpetan zeuden bitartean. Aulki denak bete egin dira, eta batzuk zutik ere entzun behar izan dituzte bikarioaren hitzak.

Meza bukatu ondoren, Sanmikolla auzoko jai batzordeko kideek aurtengo omenduaren izena eman dute. Caridad Mendizabal Usobiaga beti-betiko auzotarra izan da aurtengo omendua. Orain bi aste pasatxo biramona “titulu handia” jaso zuen omenduak, eta sekulako ezustekoa izan da berarentzat. Pozez gainezka eta erabat hunkituta hartu du lore sorta jai batzordeko kideen eskutik. Zelaian batuta zeudenek txalo artean hartu dute jai batzordekoen erabakia, eta ondoren, Zorionak zuri abestu diote aurtengo omenduari.

Mendizabalek hainbat musu eta besarkada jaso ditu lagun, auzotar, eta senideen aldetik, baina, batez ere, lehen birlobaren etorrerarekin “pozak zoratzen” dagoela nabarmendu du. Omendua izatea, “espero gabekoa” izan da. “Hau da ezustekoa! Nik ez nuen sekula pentsatu ere egingo auzotarrengandik omenaldia jasoko nuenik”, adierazi du. Han bilduta egon diren senideekin hainbat argazki atera ditu, Araia birloba txikia eskuetan gozo-gozo ondo helduta zuen bitartean. Gaurko eguna senideekin ospatuko du Mendizabalek.

Goizak aurrera egin ahala, ospakizunak ez du etenik izan Samikollan. Meza ostean, ermitaren atzealdean jarritako txosnan, txorizo egosia eta salda beroa dastatzeko aukera eduki dute Samikollara hurbildu diren guztiek.

Azkenik, jai batzordeko kideek auzo jaietako zozketa egin dute zelaian. Lehenengo saria. 1.427. (ordezkoa 1.263) zenbakiaren jabeak Jarri Tokin bi lagunentzako afari bat egiteko aukera izango du. Bestalde, bigarren saria 2.467 (ordezkoa 1.892) zenbakientzat izango da; bigarren sariaren irabazleak, aldiz, Mutrikuko produktuekin osatutako otar eder bat jasoko du.

 

TESTUA ETA BIDEOA: Mutrikuko Hitza