AUZOZ AUZO ONLINE BATZARRAK

2020/11/25

Zer dira online batzarrak?

Urtero auzo ezberdinetako beharrak, kexak eta iradokizunak lehen pertsonan jasotzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu, hurbileko kontaktu horrek benetan beharrezko diren aldaketak eta hobekuntzak egiteko giltza baitira. Aurten, tamalez, aurrez aurre egitea ezinezkoa izango da, baina ez dugu etsi eta egiteko modua aldatuta gatoz. Zuen hitza entzun nahi dugu, idatziz bada ere, ondoren internet bidez erantzuteko. Jakin badakigu, asko zaretela internetez aritzeko zailtasunak dituzuenak, baina ziur gaude inguruko norbaiten laguntza izan dezakezuela.

 

Nola bidali dezaket nire erregu edo galdera?

Herriko eraikuntza publiko ezberdinetan buzoiak ipiniko ditugu hemen alboan duzun orrialdean idatzitakoa bertan sartu ahal izateko. Gutxienez bilera baino 24 ordu lehenago utzi beharko duzu buzoian. Guztioi bezala, gauzak ahaztu egiten bazaizkizu, jakin ulertzen zaitugula, horregatik Youtube bidez zuzenean ere idazteko aukera irekiko dugu txataren bitartez.

 

Non daude kokatuta buzoiak?

Buzoiak ondorengo lekuetan aurkituko dituzu: Udaletxean, Turismo Bulegoan, Liburutegian, Merkatu Plazan, Anai Arte Biltokian eta Kiroldegoan. Herrira iristeko arazoak izanez gero, kanpoaldean bizi zarelako, berrogeialdian zaudelako edo beste edozein arrazoi baldin baduzu, komunikazioa@mutriku.net helbidera idatzi eta interbideren bat eskainiko zaizu.

 

Noiz izango dira online bilerak?

Auzoka izango dira zuzenekoak, beraz egun bakoitzean auzo bati erantzuteko denbora hartuko dugu, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, goxo-goxo eta eroso etxeko sofan zauden bitartean:

Pikupe eta Urazamendi: 2020/12/01

Landa Eremuak: 2020/12/03

1. Gunea: 2020/12/15
Goiko Plaza, Erdiko Kale, Konde Kalea, Atxitxin Kale, Atxitxin Aldapa, Beheko Plaza, Barrenkale, Felix Txurruka Kalea, Ipar Kale, San Gil, Frontoiko Aldapa, Sabanika, Azkiaga, Tranpa Kale, Nasa Kalea, Piñastegi, Burumendi eta Ibirriaga.

2. Gunea: 2020/12/17
Domingo Ibaibarriaga, Jose Antonio Ezeiza, Lehendakari Agirre, Madalena, San Miguel, Almirante Gaztañeta, Jose María Alcibar, Entzus, Kanteratzea, Iriagirre, San Agustín, Hirigibel, Samikolla, Isabel Lobiano eta Olatz Bidea.

 

Nola erantzungo didazue?

Youtube-ko Mutriku Udala kanala erabiliko dugu horretarako. Goian ikusten duzun egunean arratsaldeko 19:00etatik aurrera buzoietan zure auzoaren inguruan jaso ditugun eskutitz guztiak erantzuten saiatuko gara, baita zuzenean iristen direnak ere.