Danok Bat Pelotazale Elkarteak kudeatuko ditu aurrerantzean frontoiko azpiegitura guztiak

2013/07/11
Taberna Malenetan irekitzea dute asmo; frontoia alokatzeagatik lortzen den dirua frontoian bertan inbertituko dute.

Udalak Danok Bat Pelotazale Elkarteari eman dio frontoia zuzentzearen ardura. Aurrerantzean, frontoiko azpiegitura guztiak euren ardurapean egongo dira.

Taberna zerbitzua Malenetan ireki nahi dute. Hura kudeatzeko eta gainontzeko instalakuntzen zaintza eta mantenua egiteko Juanjo Urkiri mutrikuarra aukeratu du elkarteak. Urkiri pelotari ohia da, eta hasiera baten, urtebetean beteko du aipatutako lana.

Kudeaketari dagokionean, aldaketa nabarmena egongo da. Izan ere, frontoiagatik lortzen den dirua frontoian bertan geldituko da. “Urte amaieran lortzen den dirua frontoiko beharrak asetzeko erabiliko da. Elkarteak ikusiko du zer den beharrezkoa eta horretara zuzenduko dute jasotakoa”, azaldu du kirol teknikari Mikel Mariezkurrenak.

Gainera, frontoiko instalazio guztiak egunero irekita egongo dira. Herriko elkarteek ere instalazioak erabiltzeko aukera edukiko dute. “Orain arte egin dugun bezala jokatuko dugu herriko elkarteekin; frontoiaren beharra dutenean, garaiz jakitera eman eta Danok Batekoekin koordinatzea besterik ez dute egin beharko”.