Donejakue bidearen baitan Mutrikuk ere aterpetxea dauka

2014/04/02
Kalbaixon dago aterpetxe ireki berria, Arno mendiaren magalean eta Eizarre baserritik oso hurbil; kostako bidea egiten dutenentzat ez ezik, mendizaleentzat edota Geoparkearen baitan flysch-a edota Arnoko karst-a ezagutu nahi dutenentzat ere lekua egongo da Izarbide aterpetxean.

Izarbide aterpetxeak zabaldu ditu ateak, eta lehen bisitariak ere izan ditu dagoeneko. Donejakue bidearen barruan dago Mutrikun zabaldutako aterpetxe berria, baina bidean doazenentzat ez ezik, mendizaleentzat eta Geoparkeko flysch-a edota Karst-a ezagutu nahi dutenentzat ere geltoki paregabea da.

Kalbaixon dago aterpetxe ireki berria; Arno mendiaren magalean eta Eizarre baserritik oso hurbil. 280 metroko eraikuntza hainbat espaziotan dago banatua; baina aipagarriak dira, wi-fi zerbitzua eskaintzen duen harrera, beheko sua duen egongogela eta atsedenerako gunea.

Gauzak gordetzeko armairuen gunea eta badago eta lotarako binakako literak jarri dituzte. Dutxak eta komunak ere badira eta ezinduentzat egokituta daude. Horretaz gain, jantokia, garbitegia eta biltegia ere baditu.

Izarbide aterpetxean gaua pasatzeak hamabi euro balio ditu, eta gosaritarako bi aukera daude hiru eurokoa edota bost eurokoa.

Aterpetxekoekin harremanetan jartzeko bidea: izarbideaterpetxea@gmail.com