E-commerce edo interneteko dendari etekina nola atera azaltzeko jardunaldia Debegesan

2014/05/20
Hitzaldia teorikoa eta kasu praktikoak batuko dituzte doan eskainiko den jardunaldian; enpresa txikiei eta ertainei zuzenduta dago.

Datorren maiatzaren 29an, osteguna, Debegesa Garapen Agentziak Miramon Enpresa Digitalaren laguntzarekin, doako jardunaldia eskainiko du merkataritza elektronikoa gai hartuta. "Zure e-commerce dendari etekin handiena ateratzeko modua" izenburupean, on line denda bat errentagarri izan dadin kontuan hartu beharreko alderdiak ezagutzera ematea du helburu saioak.

Hitzaldi teoriko bat eskaintzeaz gainera, bi enpresa desberdinen kasu praktikoak aztertuko dira: profesionalei zuzenduta dagoen B2B e-commerce multinazional bat eta herri mailako on-line supermerkatu bat.

Jardunaldia Debegesak Eibarren duen egoitzan egingo da (Azitain Industrialdea, 3), 14:00etatik 16:00etara. Debabarreneko enpresa txiki eta ertainetako zuzendari, gerente edota marketing sailean lan egiten duten kideei eta, oro har, e-commerce gaian interesa dutenei dago zuzenduta jardunaldia. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea.

Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete on line, 943 82 01 10 telefonora deituz edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz.

Ekainean jardunaldi gehiago
Ekainaren lehendabiziko astean, Debegesak beste bi jardunaldi eskainiko ditu, doakoak biak ere.

Ekainaren 2an, enpresa-kultura berriari buruzko topaketa teknikoa egingo da, 15:30etik 17:30era, Adegiren eskutik. Enpresa Kultura Berriaren Gida izenarekin, Debabarreneko enpresetako gerenteei eta zuzendaritza-taldeetako kideei zuzenduta dago ekimena.

Ekainaren 4an, berriz, Kostu baxuko 3D inpresioa: edonoren eskura dagoen fabrikazio mota jardunaldia egingo da Debegesan, 09:30etik 12:30era, Miramon Enpresa Digitalaren eskutik. 3D inpresiorako teknologia desberdinak eta inpresio prozesua bera ezagutzera ematea du helburu saio honek.