Egunari txantxangorri alai askok dantza egin diote

2012/07/20
Txantxangorrik antolatzen dituen udalekuen amaierako jaialdia egin dute gaur goizean. Ia 200 umeri aisialdi aukera zabala eta bertokotua eman diote, eta jaialdian argi gelditu da umeek gustuko dituztela herriko udalekuak eta ondo pasatzen dutela.

Herriko 28 begirale 200 umeren aisialdia antolatzen aritu dira hiru astez. Herritarrek herritarrentzako prestatutako udalekuek ukitu berezia izaten dute. "Euren aisialdia euskaraz eta herritik irten gabe betetzeko aukera ematen die Txantxangorrik. Aldi berean, umeak herrian gelditzeak, herriari bizia ematen dio", aitatu dute.

Begiraleak eurak ere Txantxangorriko txikitan udalekuetan parte hartutakoak dira. "Barrutik bizi izan dugu, eta oso ondo pasatzen genuen. Guk izandako esperientzia hori hurrengo belaunaldiek ere bizi ahal izatea nahi dugu. Proiektuan sinisten dugu eta proiektuak bizirautea nahi dugu", azpimarratu dute.

 

UME ETA GURASO POZIK

Ume gehienek urtero errepikatu egiten dute. "Gurasoen balorazioa jasotzen dugu urtero, eta datorren urterako asmoen berri ere galdetzen diegu. Guztiek esan dute datorren urtean umea berriz bidaliko dutela", azaldu dute. "Eta hori pozgarria da guretzat".

Gurasoek ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera ere izaten dute. Aurten asko izan dira udalekuak hiru aste baino gehiago izatea eskatu dutenak. "Gurasoen konfidantza daukagula sentitzen dugu, eta herriko begiraleak izateak segurtasuna ere ematen die, elkar ezagutzen baitugu", azaldu dute. "Oso hurbileko tratua daukagu haiekin".

Umeek ere balorazio positiboak egin dituzte, eta penaz agurtzen dituzte begiraleak. "Egiten ditugun ekimenen inguruan eurei zuzenean galdetzen diegu, eta orain arte gustura agertu dira egindakoa guztiarekin".